Itxi

Beste kirolak

FINALAK

Mollarri eta Igeldo, txapeldun "Harri Herri" saioko bigarren ekitaldian

A. A. | EITB MEDIA

Lehendabizikoek lau altxaldiko aldea atera diete Ergobiako ordezkariei harri baldarrarekin; bigarrenek, ostera, hiru jasoaldiko tartearekin gailendu dituzte Albizuriko kideak.

  • Igeldoko ordezkariak irabazleen txapelekin. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia

    Igeldoko ordezkariak irabazleen txapelekin. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia

Asteasuko Usarrabi pilotalekuak "Harriz Herri" saioaren bigarren ekitaldiko finalak hartu ditu. Emakumezkoetan, Mollarri eta Ergobia taldeak izan dira aurrez aurre, eta, gizonezkoetan, ostera Albizuri eta Igeldo.

Ohi denez, lehendabiziko zeregina lau harri landuekin (100 kiloko koadroa, 63 kiloko kubikoa, 63 kiloko zilindro zaharra eta 50 kiloko bola) jardutea izan da guztientzat, ahalik eta altxaldi gehien egin eta, hartara, harri baldarrarekin aritzeko zenbat eta denbora gehiago batzeko asmoz. Lan horretarako 8 minutuko epea izan du talde bakoitzak.

Lanari ekiten lehenak emakumezkoak izan dira, eta hor Izeta II.a buru duen Mollarri izan da nagusi, hasi eta buka. Hala, besteak beste, Maddi Gesalagak jardun aparta egin du 100 kilokoarekin (8 jasoaldi), marka berria ezarrita. Bere aurkaria izan den Eider Durana, aldiz, 6 altxaldira iritsi da. Erakustaldia eman duen Mollarriko beste taldekidea Nerea Arruti izan da, 31 jasoaldi erdietsi baititu 50 kilo bolarekin. Harri berarekin ibili den Ergobiako Itxasne Apraizek 16 jasoaldirekin konformatu behar izan du.

Mollariko ordezkariak euren txapelekin. Argazkia: EITBren bidoe batetik hartutako irudia

Mollarriko ordezkariak euren txapelekin. Argazkia: EITBren bidoe batetik hartutako irudia

Beste bi norgehiagokak oso parekatuak gertatu dira. Izan ere, altxaldi bateko aldea baino ez da egon Ainitze Zumetaren eta Karmele Gisasolaren artean (lehenaren alde) 63 kilo kubikoarekin. Garazi Ansa eta Sara Jimenezek, berriz, erabateko orekan amaitu dute 63 kiloko zilindroarekin (12 jasoaldi)

Ondorioz, Gesalagaren eta Arrutiren indar erakustaldiei esker, Mollarrik (5:59) Ergobiarekiko (4:49) 1:10 abantailarekin egin dio aurre harri baldarraren erronkari, eta ederto baliatu du garaipena eskuratzeko.

EMAKUMEZKOEN FINALA
           
   KOADROA   
 KUBIKOA
 ZILINDROA
BOLA 
DENBORA
           
 MOLLARRI  8  18 12  31 4:59 (+1:00)
ERGOBIA  6  17 12  16 3:49 (+1:00)
           
HARRI BALDARRA
           JASOALDIAK
           
MOLLARRI          32
ERGOBIA          28

Puntuazioa: KOADROA (10 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).

Izeta II.ak Maddi Gesalaga eta Ainitze Zumeta aukeratu ditu zeregin horretarako; Jose Antonio Gisasola "Zelai"k, bere aldetik, Eider Durana eta Karmele Gisasolaren aldeko hautua egin du, eta lan ona burutu badute ere, ez da nahikoa izan zuten denbora desabantaila gainditzeko. Azkenerako, Mollarriko ordezkariek irabazi dute lau jasoaldiko aldearekin (32 eta 28, hurrenez hurren).

Gizonezkoentzat harriak bestelakoak izan dira: 200 kiloko laukizuzena, 125 kiloko kubikoa, 125 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola. Igeldoko Aimar Galarragari egokitu zaio hasierako lanei heltzea, eta 5 aldiz berdindu bere sorbalden gainean du 200 kilokoa. Albizuriren partetik Gari Garmendia saiatu da erantzuna ematen, baina bat gutxiago igo ahal izan du. 125eko kubikoarekin Hodei Iruretagoiena (Igeldo) eta Beñat Telleria (Albizuri) izan dira aurrez aurre, eta oraingoan albizuritarren ordezkaria nagusitu da jasoaldi bategatik (13 eta 14, hurrenez hurren).

Jarraian, saioko beste une kitzikagarri bat iritsi da; Mikel Lopetegi "Urra"k marka berria ezarri baitu zilindro zaharrarekin, 25 jasoaldi gauzatuta. Iraitz Arrutik 16 egiteko gai izan da, eta hortxe lortu du Igeldok bere aldeko denbora-altxorrik handiena. Laugarren eta azken buruz burukoan Ander Larruzea eta Inhar Urruzunok neurtu dituzte indarrak, eta azken hori atera da garaile altxaldi bateko aldearekin (14 eta 15).

Horrenbestez, Igeldok, Mikel Lopetegi "Urra" eta Aimar Galarraga lanerako zeudela, 5:02ko denbora tartearekin egin dio aurre harri baldarrari, Albizurik baino 39 segundo gehiagorekin (4:23), alegia Gari Garmendia eta Beñat Telleria izan dira Albizuriko ordezkariak azken zereginean, eta 19 aldiz jaso dute harri baldarra, baina ez da nahikoa izan Igeldo azpiratzeko, Urrak eta Galarragak 22ra heltzeko ahalmena izan baitute.

GIZONEZKOEN FINALA
           
   KOADROA   
 KUBIKOA
 ZILINDROA
BOLA 
DENBORA
           
 IGELDO  5  13 25  14 4:02 (+1:00)
ALBIZURI  4  14 16  15 3:23 (+1:00)
           
HARRI BALDARRA
           JASOALDIAK
           
IGELDO         22
ALBIZURI         19

Puntuazioa: KOADROA (10 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).