Itxi

Beste kirolak

Zegama-Aizkorri

Ia 1.000 korrikalari izango dira Zegama-Azkorri mendi-lasterketan

AGENTZIAK | EITB Media

Zegama-Aizkorri lasterketa maiatzaren 26an jokatuko da, eta, besteak beste, han izango dira Kilian Jornet -berak dauka lasterketako markarik onena- eta Manuel Merillas eta Daniela Oemus iazko garaileak.

0:37
Daniela Oemus, iazko garailea.

Ia 1.000 korrikalarik hartu dute parte datorren maiatzaren 26an Zegama-Aizkorri mendi-lasterketan. Maratoian 543 kirolari lehiatuko dira, tartean 87 emakume; Junior mailan, 143 lagun izango dira, tartean 38 emakume; eta KB mailan, 272 korrikalari izango dira, tartean 52 emakume.

Maialen Arizkorreta antolatzaileak azpimarratu du "azken urteotan asko hazi" dela Zegama-Aizkorri lasterketan parte hartzen duten emakumeen kopurua. "Proba nagusian, parte-hartzaileen % 16 dira emakumeak; KB mailan, % 19; eta Junior mailan, % 26".

Arizkorretak agerraldia egin du Donostian, Iker Zubeldia Zegamako alkatearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin batera, lasterketaren xehetasunak emateko.

Beste behin ere, han izango da Kilian Jornet korrikalari handia. Dagoeneko 10 alditan nagusitu da Zegama-Aizkorrin, eta 2022an markarik onena ezarri zuen: hiru ordu, 36 minutu eta 40 segundo.

Manuel Merillas eta Daniela Oemus iazko garaileak ere bertan izango dira, baita beste hainbat korrikalari ere, hala nola Elhousine Elazzaoui, Davide Magnini, Robert Pkemoi, Alain Santamaria, Jan Margarit, Sophia Laukli, Caitlin Fielder, Malen Osa eta Sara Alonso.

Euskal Herriko korrikalariei dagokionez, ondoko izenak nabarmendu dituzte antolatzaileek: Aritz Egea, Ander Iñarra, Borja Zubizarreta, Arnatz Artola, Ander Gerrikaetxebarria, Aitor Zunzunegi, Sara Alonso, Malen Osa, Ainara Urrutia, Lide Urrestarazu eta Oihana Zubillaga.

Lasterketa zuzenean eskainiko dugu ETB1en eta eitb.eus atarian.