Itxi

Futbola

DENBORALDI BAT GEHIAGO

Iraolak 2026ra arte luzatu du kontratua Bournemouth taldearekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Hartara, Athletic Clubeko jokalari ohiak eta Rayo Vallecanoko entrenatzaile izandakoak urtebetez luzatu du aurretik zuen kontratua, 2025ean amaitzen zena.

  • Andoni Iraola. Argazkia: EFE

    Andoni Iraola. Argazkia: EFE

Andoni Iraola usurbildarrak 2025-2026 denboraldiaren amaierara arte luzatu du Bournemouth taldearekin zuen kontratua.

Entrenatzaile gipuzkoarrak aurten debutatu du Premier League txapelketan, eta bere aginduetara cherries (gereziak) ezizena hartzen duen taldeak Ingalaterrako futbolaren maila gorenean inoiz lortu duen puntu kopuru handiena bereganatu du (48 puntu), oraindik ere liga bukatzeko partida bat falta zaiola. Izan ere, aurreko puntuazio marka altuena 2016-2017 denboraldian lortu zuen Bournemouthek (46 puntu) Eddie Howeren aginduetara.

Iraola aurreko udan iritsi zen bere talde berrira Rayo Vallecanotik, eta 2025era arteko kontratua zeukan.

Denboraldi hasiera txarra izan zen arren (lehen bederatzi partidetan hiru puntu bainoa ez zituen lortu), urritik aurrera Iraolak buelta eman zion egoerari, eta galdu gabeko zazpi partida bolada kateatu zuen, besteak beste, 0-3 irabazi zuen Old Trafforden Manchester Uniteden aurka.

Horrez gain, lehiaketako entrenatzaile onena izendatu zuten martxoan, eta urteko teknikari onenaren sarirako hautagaien zerrendan dago, Pep Guardiola, Mikel Arteta, Jürgen Klopp eta Unai Emeryrekin batera.