Itxi

Reala

36. jardunaldia

Realak Valentzia menderatu du (1-0), eta bosgarren denboraldiz jarraian jokatuko du Europako txapelketaren bat

EITB MEDIA

Andre Silvak sartu du, hirugarren minutuan, Donostiako taldeari garaipena eman dion gola. Realak, horrela, EA Sports Liga amaitzeko bi partida gelditzen direla, bermatu du Europan lehiatuko dela; Europa Ligan parte hartzeko lehian da, baina bermatuta du, bestela, Konferentzia Ligan izatea.

  • Realeko jokalariak, pozarren, Andre Silvak gola sartuta. Argazkia: EFE.

    Realeko jokalariak, pozarren, Andre Silvak gola sartuta. Argazkia: EFE.

Realak Valentzia menderatu du, 1-0, Reale Arenan, ostegun gauean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 36. jardunaldiari dagokion partidan, eta, horrenbestez, ziurtatu egin du datorren denboraldian Europako txapelketaren bat jokatu duela, bosgarren aldiz jarraian. Andre Silvak sartu du, hirugarren minutuan, talde txuri-urdinari Europarako txartela bermatu dion gola; Realak, hortaz, jokatuko du Europa Liga, baldin eta Liga amaieran bosgarren edo seigarren postuan sailkatuta badago, ala Konferentzia Liga, txapelketa zazpigarren tokian amaituz gero. Betis, egun zazpigarren postuan, eta Athletic dira Realarekin bosgarren, seigarren edo zazpigarren postuak eskuratzeko lehian dabiltzan beste bi taldeak.

Reala-Valentzia partidako laburpena (1-0)

Balentria da Realak egindakoa, eta historian geldituko da; izan ere, orain arte, Realak gehienez Europan lau denboraldiz jarraian jokatzea zuen lortuta. Baina Gipuzkoako taldeak jakin bazekien dena emateko moduko gaua zela, eta ezin hobeto zelairatu da. Hirugarren minutuan, erasoko jokaldi eder batean, Barrenek, ezkerretik, bigarren zutoinera erdiratu du, Kubok, trebe, area txikian ipini du baloia, eta Andre Silvak, oso adi, 1-0ekoa sartu du. Gol bikaina.

Realak indarra eta kalitatea erakutsi ditu, partidan zehar. Zuhur jokatu du, aukera oso txikia utzi dio Valentziari, eta hori nabarmentzeko modukoa da, Ruben Barajaren taldeak hainbat jokalari gazte bikain dituelako eta, halaber, jokoan zuelako Europan jokatzeko itxaropena. Realak merezita irabazi du, eta Alex Remiro izan da beste gakoetakoa; bigarren zatian, erantzun behar izan duenean, atezain nafarrak oso ondo egin du.

Imanol Alguacilek eta bere gizonak, hortaz, igande arratsaldean Sevillan, Betis aurkari, jokatuko duten norgehiagoka oso garrantzitsua dute jomugan. Europa Ligarako txartelaren erdia izango dute jokoan biek ala biek.

Fitxa teknikoa

1 - Reala: Remiro; Odriozola (Traore, 75. min), Le Normand, Pacheco, Tierney (Aramburu, 82. min); Turrientes, Merino, Zakharyan (Brais, 60. min); Kubo, Silva (Oyarzabal, 74. min) eta Barrenetxea (Becker, 60. min).

0 - Valentzia: Mamardashvili; Correia (Gaya, 61. min), Mosquera, Ozkacar, Gasiorowski; Guillamon, Guerra (Canos, 61. min), Almeida; Peter (Gonzalez, 71. min), Yaremchuk (Mari, 71. min) eta Lopez (Amallah, 85. min).

Gola: 1-0, 3. min: Andre Silva.

Epailea: Cesar Soto Grado (Erioxako Batzordea). Valentziako Guillamon eta Canos zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: 25.067 zale izan dira Reale Arenan.