Política -

Otegiri ongietorri ekitaldia

Otegi 'Estatuari bigarren fronte bat' irekitzearen alde agertu da

'Estatuko nazioetan prozesu eraikitzaileak martxan jartzera' batu daitezela eskatu dio 'Espainiako ezker berriari'.

Independentzia prozesua bultzatzeko prest azaldu da Arnaldo Otegi

1:37

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaraz irakurri: Otegi 'Estatuari bigarren fronte bat' irekitzearen alde agertu da

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak kartzelatik atera osteko lehendabiziko mitin politikoa eskaini du gaur Donostiako Anoeta belodromoan, eta, bertan, "Estatuko nazioetan prozesu eraikitzaileak martxan jartzera" batu daitezela eskatu dio "Espainiako ezker berria"ri, "Espainian ezinezkoa dela demokratizazioa ematea konturatzen direnean". Gainera, "Euskal Herrian prozesu independentista martxan jartzeko" deialdia egin du, "Estatuari bigarren fronte bat irekitzeko hemen".

Ia ordubete inguru iraun duen mintzaldia "Bateragune auzia"gatik Logroñoko espetxean igarotako sei urteetan zehar babesa eman diotenei eskerrak emanez hasi du, baita ekitaldira bertaratu eta kanpoan zegoen karpan sartu gabe geratu direnei ere, "egunen batean Euskal Herriak independentziaren jauregi erraldoi bat egingo du, halako ekitaldiak egiteko", esan du haiei zuzenduz.

Sortuko idazkari nagusiaren aburuz, "nora goazen da garrantzitsuena, ez nondik gatozen" eta ezker abertzaleak azterketa sakona egin behar duela gaineratu du milaka pertsonen aurrera, "zer fasetan gauden jakiteko".

Otegik uste du etorkizunari begira bi aukera daudela: "bata da estatu espainiarrean eta frantziarrean demokrazia sortu ahal izango dela pentsatzea, eta bi estatu horietan eboluzio politikoa posible izango dela uste izatea, eta uneren batean Euskal Herria erabakitzeko eskubidea duen nazio desberdin gisa aitortuko duten garaia helduko dela sinistea". Alabaina, berak adierazi duenez, ez du sinesten aukera horretan, eta bere ustetan "aukera errealista Estatu propioa eraikitzea da".

"Euskal independentistak Estatuaren demokratizazioan esku hartzeko prest gaude. Ez dugu uste posible izan daitekeenik, baina aukera historikoa agertzen bada, ez dugu inongo erreparorik prozesu horretan parte hartzeko, baina nik diotsuet prozesu hori ez dela emango". Horrenbestez, "errespetu gorenarekin eta zor den elkarrekikotasunez" zintzoak izan daitezela eskatu die "egungo Espainiako ezkerra artikulatzen duten sektoreei".

Estatu duinak

Ia ordubeteko hitzaldia egin du Otegik. Ezker abertzaleko buruzagiak azpimarratu duenez, "mundu osoko herrialdeek Estatu duinean bizitzeko eskubidea dute". Gainera, gogora ekarri duenez, ezker abertzaleak "estrategia aldatu zuen, eta aldarrikapen fase batetik irtenbide fase batera igaro ginen".

OTEGI OMENALDIA DONOSTIAN EFE

Bestalde, Sortuko idazkari nagusiak adierazi duenez, 40 urteko kudeaketan ezker abertzaleak "ez du ustelkeriarik izan". Dena dela, autokritika egin behar dutela onartu du, eta "herriak eskatutako agenda" garatuko duela hitzeman du.

Hauteskundeak

Lehendakarigaia izateko aukerari bigarren aipamena egin dio ezker abertzalearen buruak. "Lehendakarigaia nor izango den ez da garrantzitsuena, hauteskundeak baizik, herriari eskaintzen dioten alternatiba edo proiektua baizik, hain zuzen ere", esan du. Horren harian, hildako Periko Solabarria gogoratu du, "langileen lehendakaria".

Lau urte aginte-erakundeetan

Otegik gogora ekarri duenez, ezker abertzaleak Gipuzkoan agintea izan zuen lau urte horietan krisi ekonomikoak "gogor astindu zigun. Kuotarik handienak lortu genituen beharbada langileak instituzioekin pozik ez zeudelako. Alderantzizko bidaia izan zen". Zentzu horretan, "ez genuen egoeraren esanahia ondo jaso".

Bestalde, autokritikari dagokionez, iraganari buruz hitz egingo dutela esan du, "betiere horretarako esparru demokratiko bat ezartzen bada".

Usabiagaren mezua

LABeko idazkari nagusi ohi Rafa Diez Usabiagaren mezua irakurri dute ekitaldian. 'Bateragune' auziagatik espetxean jarraitzen duen auzipetu bakarra da Usabiaga, El Duesoko espetxean, Kantabrian, hain zuzen ere. Presoen eskubideen alde "borrokatzen jarraitzeko" deia egin du Usabiagak bere mezuan.

Belodromoa, lepo

Milaka pertsonek egin dute kola Donostiako belodromora sartu ahal izateko, eta barruan zeuden 8.000 lekuak bete dituzte. Horrez gain, antolatzaileek kanpoan beste karpa bat atondu dute beste 5.000 pertsonarentzat, eta horiek pantaila bidez jarraitu ahal izan dute ekitaldia.

RUFI ETXEBERRIA, ARRAIZ, ETA OTEGI OMENALDIA DONOSTIAN EFE

Ekitaldira bertaratu direnen artean honako hauek egon dira, besteak beste: Sortuko hainbat buru (Hasier Arraiz, Pernando Barrena, Amaia Izko, Rufi Etxeberria edo Joseba Permach), EH Bildu alderdiko Pello Urizar (EA), Rebeka Ubera (Aralar) eta Oskar Matute (Alternatiba), eta baita Kataluniatik etorritako  CUP eta ERC alderdietako agintariak ere. Sozialistekin sailburu izandako Gemma Zabaleta ere han izan da, bere kabuz.

Agerraldi politikoez gain, Arnaldo Otegiri ongietorria emateko ekitaldian musikarako tartea ere egon da, Gatibu eta Esne Beltzaren eskutik, eta Jon Maia bertsolariak esku-hartze berezi bat ere egin du.

Si te interesó esto, quizá te interesen estos otros temas
Otegi albisteak