Bitxikeriak -

Kartzelatik ihes egin ostean

Iheslari bat museoko zuzendari bihurtu da eta 370.000 euro ostu ditu

Kartzelatik ihes egin ostean, Txekiako museo batean zuzendari ekonomiko gisa lanean aritzeko lehiaketa publiko bat irabazi zuen, eta kargu hori baliatuz desbideratu zuen aipatutako dirutza.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txekiako Poliziak jakitera eman duenez, iruzur ugari egin zituen iruzurgile batek kartzelatik ihes egin zuen 2013an, eta nortasun faltsua erabili zuen Pragako museo bateko zuzendari ekonomiko bihurtzeko. Azkenean, baina, 370.000 euro ostu zituen bertan, eta ihesari ekin zion berriro.

Lapurretaren egilea, Vladimir Prokop, 2009an epaitu zuten, eta zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, karitatezko ekintzetara zuzendutako 350.000 euro baino gehiago iruzur eginez bereganatzeagatik.

Iruzurgileak kartzelatik ihes egin zuen iragan udan, eta, identitate faltsua erabiliz, lehiaketa publiko bat irabazi zuen, ekonomialari gisa, Txekiako hiriburuan dagoen Nekazaritzako Museo Nazionalaren diru-kontuak eramateko. Bertan lanean ari zela, 370.000 euro desbideratu zituen.

Txekiako hiriburuko Poliziaren bozeramaileak zabaldu duenez, iheslaria 44 urteko txekiar bat da, Libor Liska izen faltsua erabiliz aritu zen, eta 166.000 euro desbideratu zituen bere konplizea zen emakume baten kontu korrontera.

Poliziak ez du diru horren arrastorik aurkitu, baina, zantzuen arabera, beste 62.900 euro gehiago ostu nahi zituen.

Iruzurgile iheslari horren delituzko historialean jasota dagoenez, hamar aldiz jo dute errudun, azkenengoz Eliza bati iruzur egiteagatik. 2008tik aritu zen bertan lanean, eta atzerritik limosna gisa bidalitako 350.000 euro baino gehiago ostu zizkion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste xelebreak gaur