Krisi Ekonomikoa -

Europarlamentua

Juncker: 'Europa aro berri bati ekitera doa'

315.000 milioi euroko inbertsio plana aurkeztuko du gaur. Eskuartean duten plana Europarentzat 'anbizio handikoa, baina errealista' dela esan du EBko buruak.

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: EiTB
Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea.
Juncker: 'Europa aro berri bati ekitera doa'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak 315.000 milioi euroko inbertsio plana aurkeztuko du gaur. "Europaren sinesgarritasuna fiskalaren alde, urtetan borrokan aritu ondoren, aro berri bati ekiteko ordua iritsi da", esan du.

"Gabonak goiz iritsi dira gurera", gaineratu du. Datozen hiru urteotarako "anbizio handiko inbertsio plana" dutela eskuartean ziurtatu du Junckerrek. Inbertsio publikora eta pribatura bideratuko dituzte 315.000 milioi. 2007tik % 15 jaitsi dira inbertsioak Europako Batasunean.

"Europaren sinesgarritasun fiskala berreskuratzea eta erreformak bultzatzea izan da xedea azken urteotan. Gaur, bi kontzeptu horiei hirugarren bat gehituko diegu: inbertsio plana Europarentzat, anbizio handikoa eta errealista", zehaztu du.

Ekonomia sustatzea gobernu guztien helburua da, eta erronka hori lortzeko tresneria onartu du Europako Batzordeak. Atzo gauean onartu zuen ekonomia sustatzeko inbertsio plana.

21.000 milioi euroko diru funtsa baliatu nahi du Europako Batzordeak inbertitzaile pribatuak erakarri eta 315.000 milioi euroko inbertsioa egin dezaten. Besteak beste, garraio edo energia sektorera bideratuko litzateke dirua, hiru urteren buruan milioi eta erdi lanpostu sortu eta Barne Produktu Gordina 3 puntu hazteko. Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak gaur aurkeztuko du plana Europako Parlamentuan, 11:00etatik aurrera.

Junckerren Batzordearen plan izarra da Ekonomia Sustatzeko Plan hau. Inbestidura ekitaldian iragarri zuen bere gobernuak 300.000 milioi euro baino gehiago bideratuko zituela inbertsioak egiteko. Baina orduan ez zuen guztiz argitu nola eta batez ere nondik aterako zuen diru hori. Hori horrela, Batzordeak gaur iragarriko ditu egitasmoaren nondik norakoak.

21 mila milioi euroko funtsa prestatu du Batzordeak. Funts hori palanka bat izatea nahi du Europak, inbertitzaile pribatuak erakartzeko, ekonomia digitalean, garraioan edo energia sektorean inbertsioak egin ditzaten.

315.000 milioi euro mugitu nahi ditu EBk, eta horrek eragin du zalantza gehien. Emmanuel Macron Frantziako Finantza ministroa mesfideti agertu da Financial Times-en egin dioten elkarrizketa batean, eta 21.000 milioi euroko funtsa 300 mila milioi euro erakartzeko eskasa izan daitekeela esan zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia EB Europa