Krisi Ekonomikoa -

Langabezia datuak

1.649 langabe gutxiago zeuden Hego Euskal Herrian otsailaren amaieran

Enplegurako eta Gizarte Segurantzarako Ministerioak jakitera eman duenez, Estatu osoan 13.538 lagun gutxiago daude langabezian. 2001etik otsailean izan den beherakadarik handiena da.

13.000 lagunetik gora lanpostua aurkitu dute otsailean. Argazkia: EITB
Langabeziak behera egin du otsailean Hego Euskal Herrian

1:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailaren amaieran, 4.512.153 lagun zeuden enplegu-zerbitzu publikoaren bulegotan inskribatuta, otsailean langabezia murriztu ostean. Zehazki 13.538 lagun gutxiago daude langabezian, Enplegurako eta Gizarte Segurantzarako Ministerioak astearte honetan jakitera eman duenez. Gauzak horrela, otsail batean 2001etik eman den beherakadarik handiena da.

EAEri eta Nafarroari dagokionez, langabezia-tasak % 0,74 eta % 0,77 egin du behera, hurrenez hurren (379 langabe gutxiago Nafarroan, eta 1.270 langabe gutxiago EAEn). Otsailaren amaiera aldera, EAEn 170.895 langabe zeuden, eta 49.049 Nafarroan.

Otsailean izandako beherakadarekin, bi hilabete jarraian darama langabeziak beheranzko joerarekin. Urtarrileko eta otsaileko beherakadak gehituta, azken bi hilabeteetan 77.980 langabe gutxiago daude.

Otsaila hil aldakorra omen da: beherakadak eta gorakadak izaten ditu, urtearen arabera. Azken zazpi urtetan, langabeziak gora egin zuen batez beste 90.000 lagunetan. 2008. Urtetik langabeziak gora egin du otsail guztietan, 2014ean izan ezik, orduan 1.949 langabe gutxiago izan baitziren. Aurten, 13.538 langabe gutxiago izan dira. Otsail batean izandako beherakadarik handiena 2009. urtean izan zen, 154.058 langabe gutxiago izan zirelako.

Sasoiei erreparatu gabe, langabeziak behera egin du urteko bigarren hilabetean, 49.653 langabe gutxiago izan dira. Enplegurako Ministerioak azpimarratu duenez, "serie historiko guztian otsail batean izandako daturik onena da".

Fatima Bañezek zuzendutako sailak nabarmendu duenez, azken 12 hilabetetan 303.333 langabe gutxiago daude Estatuan, 1999. urtetik izandako beherakadarik handiena. Horren ondorioz, urte arteko tasa % -6,24ean kokatu da.

Otsailean 1.226.950 kontratu sinatu dituzte, 2014ko hilabete berdinarekin alderatuta, % 12,5 gehiago. Horietatik, 120.281 kontratu mugagabeak izan dira (% 9), iazkoarekin alderatuta, % 23 gehiago.

Autonomia erkidegoak

Autonomia erkidegoei erreparatuta, langabeziak behera egin du horietako 14tan, bereziki, Kantabrian (% 6,26), Balear Uharteetan (% 3,34), Extremaduran (% 1,91 %), Asturiasen (% 1,22) eta Melillan (% 2,55).

Gainera, langabeziak bataz bestearen gainetik egin du behera Nafarroan (% 0,77), Euskadin (% 0,74), Gaztela eta Leonen (% 0,70), Galizian (% 0,56) eta Kanariar Uharteetan (% 0,41).

Langabeziaren gorakadari dagokionez, Madrilen (0,48 %), Andaluzian (% 0,20) eta Gazte-Mantxan (% 0,06) igo da langabezia-tasa.

Termino absolututan, langabeziak gehien egin du behera Balear Uharteetan (2.771) eta Extremaduran (2.666).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea