Nafarroako kutxa auzia -

CAN

CAN auzian justiziak deliturik ez duela aurkitu adierazi du Barcinak

Nafarroako presidenteak parlamentariei gogorarazi die Velasco epaileak ez duela "irregulartasunik" topatu kasuan. CAN Fundazioak Auzitegi Nazionaleko epailea defendatu du.

Barcina: 'Orain arte ez da irregulartasunik aurkitu'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak gaur esan duenez, "Nafarroako Kutxaren auzia sakon ikertzen ari dira, eta oraingoz ez dute ezer aurkitu”.

Barcinak Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean agerraldia egin du, Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen autoaren inguruko azalpenak emateko. Velascok Nafarroako auzitegi bati eman dio CANen ustezko irregulartasunak aztertzen ari den kasua.

Nafarroako presidenteak parlamentariei gogorarazi die Velasco epaileak ez duela "inongo irregulartasunik" topatu kasuan, magistratuak hain argi gelditu ez zen hasierako prentsa-oharraren gainean egindako zuzenketa batean azaldu zuenez.

Auzitegi Nazionalak igorri zuen prentsa-oharrean, "ustezko portaera irregularrak" aipatzen ziren, eta Velasco epaileak zuzenketa bat argitaratu zuen, salatzaileen akusazioak aipatu baino ez zituena egiten.

Zuzenketa horren harira mintzatu dira talde parlamentario batzuk. Maiorga Ramirez EH Bilduko bozeramaileak adierazi du posible dela zuzenketa hura Nafarroako Gobernuaren eskaera baten ondorioz argitaratu izana.

EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra taldeei CAN auziko akusazioei arrazoia eman izana leporatu die Barcinak, epailearen erabakiei kasurik egin gabe.

Ramirezek azpimarratu duenez, "Velasco epaileak eta Fiskaltzak delitu zantzuak atzeman dituzte", Ministerio Publikoak hala azaldu baitu. Bozeramailearen aburuz, Velascoren epaian ageri diren ustezko akusazioak ez daude Kontuz! elkartearen hasierako salaketa hartan.

Ildo beretik mintzatu da Txentxo Jimenez NaBai-Aralar koalizioko ordezkaria. "Asko harritzen nau epai judizial batean hainbeste zehaztasun egotea akats baten ondorioz".

Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak esan du "beharrezko informazioa" luzatu izan balitz, horrelako egoerarik ez litzatekeela egongo, "hainbeste zalantzarekin".

Maria de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak "ilunkeria" leporatu dio Barcinari, eta "CAN ez zen arrazoi naturalengatik desagertu", adierazi du.

Carlos Garcia Adanero UPNko kideak oposizioari galdetu dio ea "inoiz onartuko al duten erabaki judizialik", eta zuzenketarik gabeko prentsa-oharra Gobernuko presidenteari eraso egiteko erabiltzea leporatu die.

Barcinak defendatu duenez, "politikariek epaileen lana errespetatu beharko lukete, aurreiritzirik gabe, haiek ez baitute ezer aurkitu". "Balio-judizio faltsuak egiten dituztenei eskatu beharko litzaieke ardura politikoa", gehitu du.

CAN Fundazioak Velasco epailea defendatu du

Joaquin Giraldez Nafarroako Kutxa Fundazioko presidenteak adierazi duenez, erakundeak Justiziarekin izan duen harremana "bikaina" izan da, eta Eloy Velasco epaileak beste auto bat argitaratuko duela jakinarazi du, Fundazioaren elkarlana "inondik ere ezin dela gaitzetsi" adierazteko.

Nafarroako Parlamentuan agertu da Giraldez, Izquierda-Ezkerra alderdiak eskatuta, Auzitegi Nazionalari emandako dokumentazioaren harira, Velascoren epai batean Fundazioak "elkarlan eskasa" izan zuela aipatu zuelako. Banca Civicak eta Nafarroako Kutxak Burtsan sartzean izandako ustezko irregulartasunak ikertu zituen Auzitegiak, UPyD alderdiak eta Kontuz! elkarteak salaketa jarri ondoren.

Velascoren epaiaren berri "prentsako albisteen bitartez" izan zuela azaldu du Giraldezek, eta, jarraian, informazio haiengatik "ezustekoa" hartu zuela idatzi omen zion magistratuari. Fundazioak jasotako eskaera guztiei erantzun ziela esan zion Giraldezek Velascori.

Hori horrela, Parlamentuan egindako agerraldiaren helburua "Fundazioaren interesak defendatuz, informazioa eman eta argitzea" zela esan du Giraldezek, "epaiaren aurrean sortutako giro negatiboa ikusita, Fundazioaren eta Justiziaren arteko harremana bikaina izan dela argi uzteko". "Ez dago arrazoi legalik, moralik eta politikorik erakunde hau gaitzesteko", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Yolanda Barcina albisteak Albisteak Nafarroa