Ekonomia -

EB-ko Justizia Auzitegia

Asteartean hasiko da 'opor fiskal'en ahozko ikustaldia Luxenburgon

Egoera txarrenean, egunean 236.000 euro ordaindu beharko lituzke Estatuak, 2006tik hasita. Aldundietako ordezkariak saioan izango dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean, hilak 10, hasiko da Luxenburgon, EBko Justizia Auzitegian, ''opor fiskalak'' izenarekin ezagutu diren laguntzen inguruko ahozko ikustaldia. 90eko hamarkadan  enpresei zuzenduta sortu zituzten laguntza sorta batzuk dira.

Espainiak (Estatuko Abokatutzak) defendatuko ditu aldundiak prozesu horretan, eta milioi askoko isuna ekiditea izan du helburu.

2011ko uztailean Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo zituen laguntzak izango ditu ikustaldiak aztergai, eta, bere ebazpenean, bi erabaki hartu behar ditu epaimahaiak.

Alde batetik, Espainiak araua hausten jarraitzen duen ebatzi beharko du, eta, hala baldin bada, egunean 25.000 euroko isunari aurre egin beharko dio, 2006an hasita.

Bestalde, ''opor fiskalak'' atzerapenez itzultzeagatik Espainiak isunik ordaindu behar duen ere ebatzi beharko du. Egoera txarrenean, 2006an hasita egunean 236.000 euro ordaindu beharko lituzke Estatuak.

Laguntzak dagoeneko itzuli direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko dute hiru aldundiek.

Epaia urtebete baino gehiago atzeratu liteke

Espainiak isunik ordaindu behar duen ala ez, eta, isunik baldin bada, zenbatekoa zein izan behar duen ebatzi behar dute auzitegiko 15 epaileek. Azken ebazpena, edonola ere, urtebete atzeratu liteke.

Erabakia Espainiaren kaltetan baldin bada, Estatuak ordaindu beharko du isuna, baina litekeena da gerora Euskadiri zenbateko hori itzultzea eskatzea.

Aldundiko ordezkariak Luxenburgon egongo dira

EAEko aldundietako ordezkariak izango dira asteartean ahozko ikustaldian.  Zehazki, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak eta Felix Ayarza Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun zuzendariak egingo dute bertara bidaia.

De Andres: ''Epaiketatik zerbait atera dezakegu''

Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan egin duen elkarrizketan, Arabako ahaldun nagusia baikor agertu da. ''Egoerarik txarrenean ez jartzeko arrazoiak ditugu'', esan du De Andresek. ''Gure aldetik akatsak egon dira, baina diru-laguntzen zati bat berreskuratzea lortu dugu, eta, neurri batean behintzat, arrazoia dugula uste dugu'', azaldu du.

De Andresek aurreratu du litekeena dela epaiketatik kalterik jaso gabe ez irtetea, eta zigorra ''garrantzitsua'' izatea. Edonola ere, hainbat kontu argitzeko gai izango direla eta zenbait kontutan epaitegiak arrazoia emango diela uste du. ''Epaiketatik zerbait atera dezakegu'', gaineratu du De Andresek.

Isuna jartzekotan, nork ordaindu behar duen galdetuta, Arabako ahaldun nagusiak esan du Gobernu zentralari dagokiola, ''bere garaian defentsa ez zegoelako transferituta''.

''Espainiari dagokio ordaintzea'', berretsi du De Andresek, eta gai honen inguruan Gobernu zentralarekin eskumen-gatazka sor daitekeela aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea