Ekonomia -

Krisia Gamesan

Gamesako kaleratzeak gutxitzeko lanean ari da Nafarroako Gobernua

Yolanda Barcinaren hitzetan, Gobernua "betidanik egon da Gamesako lanpostuengatik arduratuta". Horregatik, diru-laguntza publikoak ematearen alde egin du Nafarroako presidenteak.

Gamesa. Argazkia: EiTB
Gamesa. Argazkia: EiTB
Gamesa. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gamesa enpresako beste 52 langile kalean geldituko direla jakin ostean, Nafarroako Gobernuak esan du "kaleratzeak gutxitzeko" lanean ari direla.

Yolanda Barcinak argi utzi du Gobernuak "energia berriztagarrietan" sinisten duela, eta, hori dela eta, enpresa honi diru-laguntza publikoak ematearen alde agertu da.

Barcina Baluarten izan da goizean, eta Gamesaren egoeraz mintzatu da kazetarien aurrean. "Nafarroako Gobernua betidanik egon da Gamesako lanpostuengatik arduratuta; horregatik, enplegua erregulatzeko orduan, ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko aholkua eman diegu", adierazi du.

Horren harian, Gamesan berregituraketak egin izan dituztenean Nafarroan kaleratze gutxiago egon direla ziurtatu eta enpresa honek lanean jarraitzeko "gogoa" duela erakutsi du. "Gamesak lanpostu guztiak eta Nafarroako Ikerketa Zentroa mantentzea nahi dugu", erantsi du.

Gainera, gogora ekarri du azken urteak gogorrak izan direla, "baina orain Gamesaren esportazioek gora egin dute eta etekin handiagoak dituzte". Horregatik, Nafarroako Gobernuak enpresa honetan sinisten jarraitzen duela azpimarratu du.

Bukatzeko, etekinak izan arren, langileak kaleratzen ari diren enpresei diru-laguntza publikoak ematearen inguruan galdetu diote kazetariek, eta argi erantzun die: "Enpresek urte batzuetan irabaziak izaten dituzte; beste batzuetan, aldiz, galerak. Iaz diru asko galdu zuten, baina, hala ere, lanpostu asko mantendu zituzten".

Parlamentuak kaleratzeak gaitzetsi dezan eskatu du oposizioak

Nafarroako Parlamentuak Gamesako kaleratzeak gaitzetsi ditzan eskatuz adierazpen instituzionala aurkeztu dute PSNk, Bilduk, Aralar-Nabaik eta Izquierda-Ezkerrak.

Itxialdia bukatutzat eman dute

Gamesan CC.OO sindikatuak dituen ordezkariek bukatutzat eman dute gaur goizean Zamudioko lantegian abiatutako itxialdia. Asteazkenean, 22:00etan, abiatu zuten protesta, zuzendaritzak iragarri dituen 52 langileen kaleratzeengatik. Iruñean ere itxialdi egin dute, han ere goizean eman dute bukatutzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak EAE Multinazionalak Siemens Gamesaren inguruko albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak Dirulaguntzak gaur