Ekonomia -

Europako Auzitegia

Gatzagaetxebarria: 'Opor fiskalen isuna makilakada handia litzateke'

Bestalde, Ogasun sailburuak azpimarratu du 2014. urtean euskal ekonomiak hazkunde "motela eta apala" izango duela, % 1etik gertukoa.

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak esan du 'opor fiskalen' ondorioz etor litekeen 50 milioi euroko isuna "makilakada" handia izango litzatekeela EAEko ekonomiarentzat, "aurretik inoiz ez da horrelako zigorrik izan", gaineratu du.

ETBri eskainitako elkarrizketan, Gatzagaetxebarriak adierazi du Europako Auzitegiak "kontuan eduki beharko lukeela" Euskadik bizi duen "errealitate sozio-ekonomikoa" eta "diru-bilketa enpresa txiki eta ertainei egitea" zer suposatu duen.

"Europako Auzitegiak neurtu beharko luke zer egoera ekonomiko txarrean egin den, una horretan isun hori jartzea bigarren makilakada izango litzateke gure ekonomiarentzat", berretsi du.

Bestalde, Ogasun sailburuak azpimarratu du 2014. urtean euskal ekonomiak hazkunde "motela eta apala" izango duela, % 1etik gertukoa, eta industriaren eta zerbitzuen alorrek gora egingo dutela.

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoak "krisialdian" jarraituko du aurten, "hondoa jo ondoren". Gatzagaetxebarriak esan du "atzeralditik ateratzea" ez dela "krisialditik ateratzea" eta % 1eko hazkunde horrekin "zaila" izango dela enplegua sortu ahal izatea.

Bestalde, EAEko ekonomia "Espainiako ekonomiarekin" lotura handia daukala nabarmendu du, eta Espainiako kontsumoa jaisteak "kalte" egiten diola Euskadiri. Horrenbestez, Jaurlaritzaren erronka nagusia, eta Espainiarekiko lotura hain handia ez izateko, "merkatu berriak bilatzea, nazioarteratzea eta gero eta lehiakorragoak izatea" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea