Ekonomia -

Errenta kanpaina

Bizkaiak 209 milioi euro bueltatuko ditu errentaren lehenengo egunean

Gaur hasi eta ekainaren 30ean amaituko da Bizkaian aitorpena egiteko kanpaina.

Protesta artean hasi da errentaren kanpaina Bizkaian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errenta eta Ondarearen kanpaina gaur hasi da Bizkaian, eta dagoeneko martxan daude zergadunei euren aitorpenak betetzen laguntzeko eskaintzen zaizkien zerbitzu guztiak, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez. Gaur bertan 209 milioi euro bueltatzea espero du Bizkaiko Ogasunak.Gaur hasi eta ekainaren 30ean amaituko da aitorpena egiteko kanpaina. Bizkaiko Ogasun eta Finantzen diputatuaren hitzetan, kanpaina "oso finkatuta dago eta Aldundiko taldeek oso landuta daukate"; beraz, aurreko ekitaldietako ibilbidea ikusita, aurtengoa ere "ezustekorik gabe igarotzea" espero du Aldundiak.

Edozelan ere, eta kanpaina, modu ofizialean, maiatzaren 5etik ekainaren 30era doan arren, martxoan 350.000 aitorpen Foru Ogasunak eginda bidali zizkien etxera beste horrenbeste zergaduni, doan. Ogasunak dituen bulego guztietan informazioa ere eskaini zaie zergadun guztiei, bai Bilboko egoitza nagusian, bai Sailak Bizkaian dituen bulegoetan, Balmaseda, Basauri, Durango, Gernika-Lumo, Getxo nahiz Mungiakoan, alegia.

Gaurtik aurrera Internet bidez ere aurkeztu ahal izango da aitorpena, www.bizkaia.net/renta webean eskuragarri dagoen programa informatiko ofiziala deskargatuta; horrez gain, aitorpena ere Foru Ogasunak ikuskatzen dituen 6 finantza-erakunde laguntzaileetan egin ahal izango da (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, Caixabank eta Banco Sabadell). Erakunde horien 300 sukurtsaletan eskainiko da zerbitzua, zeregin horretarako sukurtsaloi atxikitako hainbat teknikariren bidez.

Jose Maria Iruarrizagak adierazi duenez, PFEZaren kanpaina honetan 596.000 aitorpen jasoko direla aurreikusten da: haietatik % 79 inguru itzultzekoak izango dira (515 milioi euro) eta gainerakoak, % 21, ordaintzekoak (194 milioi euro). Aitorpen horietatik guztietatik erdia baino gehiago —350.000— Foru Ogasunak zergadunei beren etxeetara bidalitakoak direla.

Ondarearen gaineko Zerga dela eta, 80,5 milioi euro biltzea aurreikusten da, 7.500 zergadunek egin behar baitute zerga horri dagokion aitorpena.

Diputatuak zehaztu du Errenta eta Ondarearen aurtengo kanpainak berritasun handiak dakartzala, lehenengoz aplikatuko baitira zerga-iruzurraren kontrako neurri berriak zein Ondarearen gaineko Zerga berria: Batzar Nagusiak 2013ko otsailean onetsi zituen horiek guztiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errenta