Ekonomia -

2.000 tona gehiago

Tapia:'Ministerioak antxoari buruz hartutako erabakia arbitrarioa da'

Sailburuaren arabera, antxoa arrantzatzeko kuota handitzeko erabakiak "sektorearen eta erakundeen artean orain arte izan den adostasunaren  joko arauak urratu ditu".

Gobernu zentralak 'araua apurtu' du arrantza sektorean, Tapiaren ustez

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak uste du "ulertezina eta onartezina" dela Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak irailaren 8tik aurrera Kantauri itsasoan antxoaren arrantza baimentzeko hartutako ebazpena .

Tapiak adierazi duenez, "hautazko erabaki baten aurrean gaude, sektorearen eta erakundeen artean orain arte izan den adostasunaren joko arauak urratu dituena. Indarrean jartzeko 48 ordu eskas lehenago iragarri du, eragiten dienen iritzirik kontrastatu gabe".

"Orain arte jarraitu dugun elkarrizketa eta adostasun maila kontuan izanik, ez gatoz bat oraingoan erakutsi diren moduekin, ezta ebazpenaren edukiarekin ere, arbitrarioa eta aldebakarrekoa izan delako", azpimarratu du Tapiak.

Halaber, sailburuaren arabera, Estatuko exekutiboak hartutako erabakia "ez da arrantza sektorearen adostasunez hartu, ez eta autonomia erkidegoen adostasunez ere".

"Modu inprobisatuan" egin dela, eta 2015 urteari dagozkion 2.000 tona 2014ko harrapaketan baimendu direla azaldu du, eta horrek ondorioak izango dituela salatu du: datorren arrantzaldiko antxoa harrapaketaren kuotan 2.000 tonako jaitsiera, eta arrantza sektorean errentak pobretzea.

"Espezie honetarako adostutako arrantza denboraldia ez da errespetatu. Udaberriko produktua da (maiatza-ekaina), eta Euskadiko arrantzaleek horren arabera antolatzen dute bere jarduera ", gogorarazi du.

Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, "une honetan, Euskadiko arrantzontziak hegaluzearen harrapaketan ari dira, eta, beraz, onartezina da Ebazpenaren edukia 48 ordu eskasekin jakinaraztea".

"Ondorioak ekarriko ditu"

Gipuzkoako, Bizkaiko eta Kantabriako arrantzale-kofradien federakundeak Santanderren bildu dira egoera berria aztertzeko. Asturiasek eta Galiziak, bestalde, ez dute bileran bat egin.

Eugenio Elduaien Gupuzkoako Arrantzale Kofradien Federakundeko presidenteak Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Galiziari eta, gehien bat, Madrili aurpegiratu dio egungo egoeraren errua. Eta ohartarazi duenez, erabakia bertan behera utzi ezean, ondorioak ekarriko ditu.

"Horrela jarraituz gero, 2015ean ez dugu antxoarik izango arrantzatzeko", esan du Jose Luis Bustillo Kantabriako federazioko presidenteak. "Berehala neurririk hartu ezean, ondorio latzak ekarriko dizkio sektoreari, barne gatazka bat sortuko da, eta antxoaren gerra famatua pairatuko dugu berriro, baina oraingo honetan espainiar arrantzaleen artean", esan du. Horrez gain, Andres Hermida Arrantzarako idazkari nagusiari kargua uzteko eskatu dio, Galiziako arrantzaleen "presioaren aurrean etsi" baitu, bere ustez.

"Behin behinean eta badaezpada"

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantzarako Idazkaritza Nagusiak, "behin behinean eta badaezpadako" neurri gisa, Kantauri itsasoan 2.000 tona antxoa gehiago arrantzatzeko baimena eman du.

Ebazpenaren arabera, baimena asteleheneko (irailak 8) 00:00etan sartuko da indarrean, eta ordu horretatik aurrera, "itsasontziek arrantzan egiteko baimena izango dute".

Testuan gogorarazi dutenez, uztailaren 1ean ANE/08 stockean arrantzan egitea baimendu zuten, behin behinean, eta abuztuaren 29an, Arrantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak "arrantzan egiteko baimena larunbateko -abuztuaren 30- 00:00etatik aurrera behin behinean ixtea" erabaki zuen.

"Egungo egoera eta eskura dagoen informazioa ebaluatu eta aztertu ondoren", Arrantzarako Idazkaritza Nagusiak "behin behinean eta badaezpadazko" neurri gisa ANE/08 stockean antxoa gehiago arrantzatzea baimendu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Antxoak albisteak Arrantza