Ekonomia -

Sindikatuak

Muñozek ELA eta LAB desagerrarazten saiatzea egotzi dio Confebaski

ELAk Urkullu lehendakariarekin eta Ortuzar EAJko buruzagiarekin bilera bana egitea eskatu du.

Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE
Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE
ELAk Confebasken asmo golpista salatu du

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak kolpistatzat jo du Confebask patronala, ELA eta LAB sindikatuak desagerrarazten saiatzeagatik. Muñozen ustez, "azken puntuko legea" ezarri nahi du patronalak, sindikatuek enpresariei "gustatzen ez zaiena eginez gero", sindikatu "izaera kentzeko" aukera egon dadin.

Enpresa eta sindikatu elkarteak arautzeko estatutuen dekretua aldatzeko proiektuaren zirriborroa egin du Gobernuak, eta Confebaskek alegazioak egin dizkio. ELAren esanetan, euskal patronalak ELA eta LAB sindikatuak erakunde sindikalen erregistrotik "ateratzea" eskatu du.

"Erosi ezin dutena deuseztatzen saiatzen dira", eta "ELA ezin dute erosi", adierazi du "Txiki" Muñozek Batzorde Eragilea atzean zuela gaur eskaini duen prentsaurrekoan.

Patronalak ustez egindako proposamena publiko egin ostean, aipaturiko dokumentua ez zuela ezagutzen eta ELA eta LAB legez kanpo uztea eskatu izana ukatu zuen Confebaskek.

Dokumentua patronalarena dela ziurtatu du gaur ELAk, Confebaski erantzunez: "Inozentziatik soilik pentsa daiteke ez dela Confebaskena; gertatzen dena da ez zutela dokumentua publiko egingo zenik pentsatzen".

Confebasken proposamena atzera botatzeko eskatu dio Muñozek Espainiako Gobernuari, eta Urkullu lehendakariari eta Ortuzar EAJko EBBko presidenteari bilera bana eskatu die, horretaz hitz egiteko.

Confebaskek ukatu egin du

Bestalde, Confebaskek ukatu egin ditu ELAren "irainak", eta zentralari elkarrizketa soziala boikotatu nahi izatea egotzi dio.

EAEko patronalak berretsi egin du ostiralean, LABek ere zentral abertzaleak ilegalizatu nahi izatea egotzi zionean, publikatu zuen oharra.

Horren ildotik, Confebaskek ukatu egin zuen zentralak legez kanporatzea eskatu izana, eta Espainiako Gobernuari asmo horrekin zuzendu izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna Confebask albisteak