Ekonomia -

Mario Fernandezen dimisioa

Sindikatuek Kutxabank ez pribatizatzea eskatu dute

Mario Fernandezen dimisioaren kausa EAJrekin izandako desadostasunak direla uste dute.

Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB), artxiboko irudi batean. EFE
Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB), artxiboko irudi batean. EFE
Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB), artxiboko irudi batean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal sindikatuen ustez, Kutxabank pribatizatzeko prozesua ez da geldituko Mario Fernandez presidenteak dimisioa eman duen arren. Horien aburuz, EAJrekin desadostasunak izan dituelako utzi du kargua.

Horren ildotik, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, "pertsonak aldatzeak ez du ekarriko helburua ere aldatzea". Hori dela eta, bankuaren "akzio bakar bat ere" ez pribatizatzea eskatu du.

Horren ustez, Kutxabank pribatizatzeko prozesua "hasieratik" zegoen adostuta: "Espainiako Bankuari kutxak banku bihurtzeko baldintzak zeintzuk ziren galdetu ote bazioten galdetu genion herrialde honetako goi-kargudun politiko bati, eta gai hori etorkizunean hartuko zutela hizpide erantzun zigun".

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia ere bide beretik ibili da, eta Fernandezen erabakiak ez duela Kutxabankeko pribatizazioa zalantzan jartzen ohartarazi du.

"Segur aski arazo taktikoak izango dituzte, erritmo arazoak, baina inola ere ez dute zalantzan jarriko pribatizazioak ekarriko duen iruzur politikoa", salatu du.

Bestalde, Raul Arza UGTko idazkari nagusiaren hitzetan, Fernandezek dimisioa ematea baino beste erremediorik ez zuen, "EAJk eta Jaurlaritzak babesa kendu baitiote".

Horren haritik, Kutxabankeko hurrengo agintariek eredu publikoaren alde egitea eta Gizarte Ekintza mantentzea espero duela azpimarratu du.

Azkenik, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak "ezusteko"tzat jo du dimisioa, eta horrek bankuaren "pribatizazio masiboa eta bizkorra" galaraztea espero duela esan du.

Sordok esan du ez dakiela zer dela eta eman duen dimisioa Fernandezek, baina arrazoia EAJrekin desakordioak izan dituela izan daitekeela iradoki du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Kutxabank