Ekonomia -

Langabezia

Espainiako langabezia tasa % 23,7koa zen 2014 amaieran

Euskal Autonomia Erkidegoan 2013an baino 700 langabe gehiago daude eta Nafarroan, berriz, 3.500 langabe gutxiago.

Lanbideren bulego bat. Artxiboko irudia: EiTB
Lanbideren bulego bat. Artxiboko irudia: EiTB
700 lagun gehiago EAEn langabezian; 4.700 gutxiago Nafarroan

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako langabezia tasa % 23,7ra jaitsi da 2014. urtearen amaieran, zehazki, aurreko urtean baino 477.900 langabe gutxiago daude eta, guztira, 5.457.700 pertsona daude lanik gabe. Beraz, langabezia datua Espainiako Gobernuak aurreikusi baino puntu bat hobea da (% 24,7).

Espainiako Estatistika Institutuak gaur argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, azken 12 hilabeteetan enplegua % 2,53 hazi da (433.900 pertsona).

Hala eta guztiz ere, 2014ko laugarren hiruhilekoan langabe kopurua hazi egin da, zehatz-mehatz, hirugarren hiruhilekoan baino 30.100 pertsona gehiago daude lanik gabe.

Bestalde, laugarren lauhilekoan ere okupazioa hazi egin da eta 65.100 lagunek topatu dute lana, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Guztira, 17.569.100 lagun daude lanean.

Luis de Guindos Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak ontzat eta positibotzat jo ditu Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak eta ziurtatu du datuak hobeak izango direla udaberritik aurrera. "Pozik egin behar dugu egoerari buelta ematea lortu dugulako", azpimarratu du ministroak. Hala, azaldu du Espainiako ekonomia % 2a baino gehiago hazten ari dela 2015eko lehen hiruhilekoan eta gaineratu du ez dela zentzugabea Espainia %3 inguru haziko dela pentsatzea.

Joera ezberdinak EAEn eta Nafarroan

Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia tasa igo egin da eta Nafarroan, berriz, jaitsi.

EAEn 2013ko laugarren hiruhilekoan baino 700 pertsona gehiago daude lanik gabe eta, guztira, 174.100 langabe daude (% 16,6). Bestalde, urteko laugarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoan baino 19.000 langabe gehiago daude.

Bestalde, % 14,92ko langabezia tasarekin itxi zuen urtea Nafarroak. 2014 urte amaieran, 46.600 langabe zeuden Nafarroan, aurreko urtean baino 3.500 gutxiago (50.100 pertsona). Nafarroa da langabezia tasa baxuena duena duen autonomia erkidegoa, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024