Ekonomia -

Auzitegi Konstituzionala

Onartu dute Lanaldi Partzialeko langileen legearen aurkako helegitea

Jaurlaritzak Legearen bi artikuluren kontra jarritako helegiteak onartu ditu Konstituzionalak. Lehendik, Kataluniako Generalitateak ere helegiteak aurkeztu zituen Lege horren kontra.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak Lanaldi Partzialean kontratatutako Langileen Babeserako Legearen eta beste zenbait legeren aurka jarritako helegiteak.

Estatuko Aldizkari Ofizialak aurreko larunbatean jaso duenez, Konstituzionalak urtarrilaren 20an egindako osoko bilkuran onartu zituen helegiteok.

Auzitegi Konstituzionaleko ordezkariek azaldu dutenez, Auzitegiak adostu du Diputatuen Kongresura, Senatura eta Gobernura Jaurlaritzaren eskaera igortzea, eta, orain, 15 eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

Halaber, zehaztu dutenaren arabera, helegitea onartu izanak ez du esan nahi “helegitearen muinaren inguruan” iritzia eman dutenik. Auzitegiak “gutxi barru” ebatziko du horren inguruan.

Zehatz-mehatz, Jaurlaritzak Enpleguaren 56/2003 Legearen 7. artikulua eta Lan Aroko Arau-hausteen eta Zigorren gaineko Legearen 8 artikuluaren kontra aurkeztu dituzte helegiteak, sei hilabetez negoziatzen izan eta gero, akordiorik lortu ez dutelako.

Iñigo Urkulluren Gobernuaren ustean, helegitea aurkeztu zutenean esan zutenez, lege espainiarrak Lanbide euskal enplegu zerbitzua baztertzen du. Jaurlaritzaren arabera, Lanbideri “diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonen arau-hausteen komunikatzaile” lanak egokitzen dizkiote, “zigorrak ezartzeko prozesuak hasi edo ebazteko gaitasunik izan gabe”.

Lehendik, Kataluniako Generalitateak ere helegiteak aurkeztu zituen lege horren kontra eta, ondorioz, legeak eragile sozialek eta Espainiako Gobernuak lanaldi partzialean kontratatutako langileen kotizazio sistema aldatzeko adostutako akordioa jaso zuen, eta negoziazio kolektiboan ere aldaketak ekarri zituen.

Halere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako helegiteak Legean aurreikusitako bestelako aldaketei dagozkie.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Eusko Jaurlaritza berriak