Ekonomia -

Mario Draghiren plana

Abian da Euroguneko estatuen zorra erosteko plana

Europako Banku Zentralak 60.000 milioi euro inbertituko ditu hilean.

Mario Draghi EBZko presidentea. EFE
Mario Draghi EBZko presidentea. EFE
Mario Draghi EBZko presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentrala (EBZ) Euroguneko estatu kideen zor nazionala erosten hasiko da gaur. Horren ildotik, hilean 60.000 milioi euro inbertituko ditu, deflazioa galarazteko.

Urtarrilean erakundeak plan hori iragarri zuenetik, bono publikoen errentagarritasuna jaitsi egin da, eta prezioak igo.

Mario Draghi EBZko presidenteak prentsaurrekoa eskainiko du ostegunean, erakundearen gobernu kontseiluaren bileraren ostean, eta orduan programari buruzko zehaztasun gehiago ematea espero dute merkatuek.

Hain zuzen ere, banku zentral nazionalek EBZn duten parte-hartzearen arabera erosiko du zorra erakundeak. Hau da, Alemaniako Bundesbankek % 25,7ko parte-hartzea duenez, programako diruaren laurden bat jasoko du.

Espainiak % 12,6ko parte-hartzea du EBZn, eta Frantziak % 20,3koa.

Nortzuk dira zorren jabeak?

Euroguneak 7,55 bilioi euroko zorra du, eta zor horren % 70 inbertitzaile nazionalen esku daude.

Hartzekodun nagusiak bankuak dira, zor guztien % 25 baitute; ondoren, aseguru-etxeak eta pentsio-funtsak (% 22) daude, eta atzerriko banku zentralek Euroguneko zorraren % 20 dute.

Adituen ustez, EBZk ez du kalitate oneko zor nahikorik aurkituko, eta, ondorioz, bonuak garestitu egingo dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur EB Europa