Ekonomia -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Toña: 'Aukera gehiago daude LAB mahaira biltzeko ELA baino'

Elkarrizketa sozialaren mahaia “argazkiak egiteko” bakarrik erabiltzea "arriskutsua" litzatekeela esan du Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Toña: 'Aitzoli egiten dizkiogun bisitak familiako kontuak dira'

02:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrizketa sozialaren mahaia “argazkiak egiteko” bakarrik erabiltzea “arriskutsua” litzatekeela adieazi du Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta horrelakorik ez duela onartuko azpimarratu du. Bestalde, Toñak esan du “aukera gehiago” daudela LAB sindikatua elkarrizketa mahaira biltzeko ELA baino.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, sailburuak azaldu du Confebaskekin eta lau sindikatu nagusiekin bilerak egin dituztela, eta denak bat etorri dira esan dutenean “mahaia osorik ez dagoela”. “Mahai osatu bat izan nahi dute denek, ELA eta LABekin”.

Elkarrizketa sozialaren mahaiak egin beharko lukeen aurreneko gauza “adostutako akordioak betetzea” izan beharko litzatekeela esan du Toñak. “Ez du merezi beste bilera bat deitzea, baldin eta aurretik adostutako akordioak betetzen ez baditugu”. Horregatik, azaldu du, batzorde teknikoak eratu dituzte, “akordioak zehazteko”.

“Egin diren bi bileretan, akordio batzuk zehaztu gabe geratu ziren. Gauza horiek benetan aztertzea nahi dut, eta ez mahaia argazkiak egiteko eta gauza politak erakusteko tresna bat izatea. Gauzak behar bezala egin behar ditugu”, gaineratu du. ELA eta LAB

Nahiz eta ELA eta LAB mahaian ez izan, “lanean jarraitzea” posible dela adierazi du Toñak, “gauzak ondo egin daitezkeelako”. “Ez ELA eta LAB egongo balira bezala, baina egin daitezke”, gaineratu du.

Horrez gain, LAB mahai horretan egoteko aukera “gertuago” egon daitekeela adierazi du.

“Mahaia horrela jaio zen, eta horrela jarraituko du. Ez diot beldurrik horri, mahai bat martxan jarriz gero, mahai horrek bere lana egin behar duelako. Eta, bien bitartean, beste bi sindikatu horiek merezi duela ikusten badute, sar daitezke. Gizartea eta ni neu poztu egingo ginateke”, esan du sailburuak.

“ELArekin harremana zailagoa izango da. Ordezkaritzaren % 40 dute, baina fiskalitateaz hitz egiteko eskatzen badigute, nik esan behar diet hori ez dela Gobernuaren eskumena, diputazioena baizik”, azaldu du.

LABek ez ditu “horrelako gauzak” planteatu, Toñarekin hitzetan, bai ordea “gure esku dauden gai garrantzitsuak”; hitzarmen kolektiboa, lan-hitzarmenak edota lan-harremanen eredua, besteak beste.

“Gai horiei heldu behar diegu, eta, horietan sartzen bagara, ez dut uste LABek ezetza emango duenik foro horretan parte hartzera. Hala ere, bakoitzari bere denbora eman behar diogu”, gaineratu du.

Greba Lanbiden

Bestalde, Lanbide euskal enplegu zerbitzuan "arazo" bat dagoela onartu du Toñak, baina "denon artean aldatzea" espero duela gaineratu du.

Sindikatuek greba deitzeko eskubide osoa dutela esan du, baina, gaineratu du euskal funtzionarioen baldintzak ez direla "okerrenak".

"Gurean, funtzionarioek ezin dute esan baldintza okerrenak dituztenik. Jende asko dago baldintza okerragoekin lanean, soldata baxuagoekin eta prekarietatean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea