Ekonomia -

Akordioa

Kutxabankek eta EIBk 400 milioi euro bideratuko dizkie ETEei

Erakunde bakoitzak diru kantitate bera jarriko du eta industriaren eta zerbitzuen alorretara zuzenduko da.

Gregorio Villalabeitia. Argazkia: EFE
Gregorio Villalabeitia EFE
Gregorio Villalabeitia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Inbertsio Bankuak (EIB) eta Kutxabankek akordioa sinatu dute gaur Luxenburgon. Akordio horren arabera, 400 milioi euro zuzenduko dituzte enpresa txikien eta ertainen finantzaketara, 3.000 langile baino gutxiago dituztenetara.

Roman Escolano EIBko zuzendariordeak eta Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidenteak sinatu dute goizean akordioa. Erakunde bakoitzak 200 milioi euro zuzenduko ditu inbertsioen finantzaketara, industriaren eta zerbitzuen alorretakoetara batik bat.

Akordioaren inguruko oharra kaleratu du Kutxabankek. “Banakako maileguei dagokionez, 25 milioira arteko inbertsioak finantzatuko dira ETEn kasuan eta 50 milioi eurora iritsi litezke kapitalizazio ertaineko enpresen kasuan”, dio oharrak.

Roman Escolanok EIB erakundeko presidenteordeak esan duenez, “maileguak emateko akordio hau Europako Inbertsio Bankuak enpresa txiki eta ertainekin duen konpromiso tinkoaren beste adibide bat da, gure ehun produktiboaren bizkar hezurra baitira horiek, eta, horrenbestez, ezinbestekoak jarduera ekonomikoa berreskuratzeko”.

Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidenteak ere hizpide izan du akordioa. “Gure helburua beti izango da enpresei behar dituzten finantza-tresnak ematea, beren lehiakortasuna hobetu eta hazkunde edo hedapen egitasmoei aurre egin diezaieten. Horregatik, helburu honekin bat egiten duten erakunde publiko edo pribatuekin elkarlanean aritzeko prest gaude beti, kasu honetan EIBrekin”, adierazi du.

2014an EITB Taldeak (Inbertsioetarako Europar Funtsak barne) 25.500 milioi euro bideratu zituen enpresa txikiak eta ertainak babestera. Horrek Europa osoko 290.000 erakunderi mesede egin zion. Kutxabankek Euskadiko hamar enpresatik seirekin lan egiten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank berriak Ekonomia albisteak