Krisi Ekonomikoa -

Programa berria

EBZk zor publikoa erosteari ekin dio

Astean 60.000 milioi euro txertatuko ditu Eurogunean, deflazioaren mehatxua gainditu eta ekonomia suspertzeko. Burtsek gorriz hasi dute saioa.

Mario Draghi
Mario Draghi
Mario Draghi

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentrala (EBZ) zor publikoa erosten hasi da, historian lehen aldiz. Finantza-erakundeak Twitterren baieztatu du albistea:

"Europako Banku Zentrala eta Euroguneko herrialdeetako banku zentralak zor publikoa erosten hasi dira, iragarri bezala, Sektore Publikoko Erosketa Programaren baitan", azaldu dute txioan.

Datorren urteko irailera arte, astean 60.000 milioi euro txertatuko ditu Eurogunean, deflazioaren mehatxua gainditu eta ekonomia suspertzeko. Bigarren mailako merkatuetara joko du erakundeak, estatuetako zorra erosi ahal izateko.

Europako burtsek zenbaki gorriekin ekin diote egunari, AEBko Erreserba Federalak interes-tasak igo ditzakeen beldur eta Greziarekin gertatuko dena ez jakiteak eragindako ziurgabetasunak eraginda. Espainiako Ibex 35ak % 0,53 galdu du, eta 11.000 puntuen inguruan kotizatzen zebilen saioaren erdian.

Deflazioaren mamua

Mario Draghi EBZko presidenteak deflazioa murriztu eta ekonomia berpiztea du xede nagusi, ostegunean aurkeztu zuen programa berri honekin. 2017. urterako, % 1,8ko inflazioa lortu nahi du Draghik.

Erregaiaren prezioen beherakadak eraginda, datozen hilabeteetan inflazio negatiboa izatea aurreikusi du Banku Zentralak, baina 18 hilabete barru legez duen % 2tik gertuko helburua betetzea espero du.

EBZren aurreikuspenen arabera, Euroguneko Barne Produktu Gordina % 1,5 handituko da 2015ean. Datorren urtean, % 1,9 haztea espero dute, eta 2017an, berriz, hazkundea % 2,1ekoa izatea.

Ostegunean, Draghik azpimarratu zuen martxan jarritako programa horri esker “inflazioaren errebotea” lortuko dutela; izan ere, iragarpena egin eta berehala “zantzu positiboak” nabaritu zituztela nabarmendu zuen. “Eta ez gara oraindik hasi ere egin”, gaineratu zuen.

Hala ere, Euroguneko Gobernuei beharrezkoak diren erreforma estrukturalak egitea eskatu zien Mario Draghik.

EBZk astero-astero emango du erositako zor publikoaren berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Europako Banku Zentralari buruzko azken albisteak