Ekonomia -

Lankidetza akordioa

Greziak ELGAren babesa jaso du 'erreforma propioak' aplikatzeko

Tsipras Junckerrekin eta Schulzekin bana-banan bilduko da ostiral honetan. Bestalde, Greziako bankuentzako premiazko likidezia 600 milioi eurotan areagotzea erabaki du EBZk.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa eta angel Gurria ELGAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa eta angel Gurria ELGAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa eta angel Gurria ELGAko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundearekin (ELGA) akordioa sinatu du gaur Greziak. Horrela, erreforma propioak aplikatzen lagunduko dio ELGAk Atenasi, eta “ez kanpotik inposatutakoak”, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak azaldu duenez.

“Greziarentzat,  troikaren memoranduma amaitu da, jendearen erabakia hori izan zelako”, azpimarratu du Tsiprasek Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko estatu kideetako enbaxadoreen aurrean, Parisen.

Lankidetza akordioa izenpetu du Tsiprasek munduko ekonomia garatuenak biltzen dituen erakundearekin. Finantza publiko, enplegu, lehiakortasun edo monopolioei aurre egiteko politikak martxan jartzeko orduan batera egingo dute lan Atenasek eta ELGAk.

Europak aldatu behar duela azpimarratu du Tsiprasek. Greziako lehen ministroaren hitzetan, Syriza ezkerreko alderdiaren garaipenak “murrizketak Grezian nozitu dituzten milioika lagunei itxaropena eman die (…) baina baita Europan murrizketakn sufritzen ari ziren milioika pertsonari ere”. Aldi berean, “greziarrek bozkatu izan ez balute bezala ekiten ari direnak”, ohartarazi ditu Tsiprasek.

Greziako zorraren berregituraketa bat “ezinbestekoa” dela adierazi du berriro lehen ministroak. Zentzu horretan, zorraren ordainketa eta hazkundearen eboluzioa lotzea proposatu du berriz Tsiprasek.

Lan horretan aurrera egiteko, “ELGAren laguntza berebizikoa da”, besteak beste, Grezia eta Europako kideen arteko “mesfidantza arazo bat” dagoelako. ELGArekin elkarlanak erreformatzeko borondatea eta konfiantza agerian utziko dituela uste du Tsiprasek.

Bilera gehiago ostiralean

Greziako lehen ministroa Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentearekin eta Jean-Claude Juncker Batzordeko presidentearekin bana-banan bilduko da ostiral honetan.

Bestalde, Greziako bankuentzako premiazko likidezia 600 milioi eurotan areagotzea erabaki du Europako Banku Zentralak. Horrela, 69.400 milioi eurokoa izatera helduko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako albisteak