Ekonomia -

Gaur bukatuko da epea

Bankuan NANa aurkezteko azken eguna: jakin behar duzun guztia

Bankuak nortasun agiria aurkeztea eskatu ez badizu, dagoeneko informazio hori baduelako da.

Bankuetako bezero guztiak identifikatzen hasi dira, NANa eskaneatuta

1:30

AGENTZIAK | ERREDAKIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, apirilak 30, bankuan nortasun agiria aurkezteko azken eguna da. Hala egin ezean, finantza erakundeak kontu korrontea blokeatuko dizu maiatzaren 1ean, hau da, ezingo duzu dirurik sartu, atera edota kudeatu.

Nolanahi ere, gaurko eguna pasatuta ere, erabiltzaileek kontu korrontea desblokeatu ahal izango dute, bankuan nortasun agiria aurkeztuz.

Bankuek luzatu egin nahi izan dute hori egiteko epea, baina Espainiako Gobernuak ezinezkoa dela erantzun die. Izan ere, data legez ezarrita dago. Gainera, epea bost urtekoa izan dela nabarmendu du Exekutiboak.

Kutxabanken kasuan bezeroen % 1ek ez du oraindik nortasun agiria aurkeztu, eta Laboral Kutxaren kasuan, berriz,  34.000 bezero dituzte nortasun agiria aurkeztu gabe, finantza erakunde horietatik zehaztu dutenez. Gaur egiten ez badute, kontuak blokeatuko dizkiete. Estatu osoan, baliteke 7,5 milioi kontu blokeatzea.

Finantza erakundeek bezeroak identifikatzea diru zuritzeen eta terrorismoaren finantziazioren aurkako neurri bat da, eta 2010eko lege batean ezarri zuten.

Hain zuzen ere, nortasun agiria eta jarduera profesionalari buruzko informazioa eman behar dizkiete bezeroek bankuei, baina erakundeek eurek eskatu badute bakarrik. Hala egitea agindu ez badizute, zure datuak badituztelako da, legearen arabera, erakundeek jo behar baitute bezeroarengana informazioa eske, ez alderantziz.

Dena dela, kontuz. Gerta liteke erakundea zurekin harremanetan jartzen saiatu izana, baina lortu ez izana. Adibidez, eskakizuna helbide zahar batera bidali duelako.

Adibide gehiago? Baliteke norbaitek oporrak pasatzeko etxebizitza bat izatea, eta horren ordainketak beste banku baten bidez egitea. Kasu horretan, eta bestelakorik agindu ezean, erakunde horrek helbide horretara igorriko du nortasun agiria aurkezteko eskakizuna.

Beste hainbat arrazoi egon daitezke bankuaren eskakizuna ez jazotzeko: erabiltzailea aldi baterako atzerrian egotea, etxea izan arren zahar-etxe batean bizitzea…

Hiru hilabeteko epea kontua desblokeatzeko

Bankuak eskatuta ere norbaitek nortasun agiria aurkeztu ez badu, erakundeak blokeatu egingo dio kontu-korrontea. Berriz desblokeatzeko, erabiltzaileak hiru hilabeteko epea izango du dokumentazioa aurkezteko. Hori egin ostean, automatikoki berreskuratuko du kontua.

Hiru hilabete horiek pasatu ostean ere desblokeatu ahal izango da kontu korrontea, baina prozesua zailagoa izango da eta izapide gehiago egin beharko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea