Ekonomia -

Finantza sektorea

33,9 milioi irabazi ditu Laboral Kutxak 2015eko lehen hiruhilekoan

Iazko epe berean baino % 5,2 gehiago irabazi du finantza erakundeak.

Txomin Garcia Laboral Kutxaren ekonomia aurreikuspenen txostenaren aurkezpenean. EFE
Txomin Garcia Laboral Kutxaren ekonomia aurreikuspenen txostenaren aurkezpenean. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laboral Kutxa33,9 milioi euroko mozkinak lortu ditu 2015eko lehen hiruhilekoan, finantza erakundeak ohar batean jakinarazi duenez.

Irabaziak aurreikusitakoak izan dira, eta iazko epe berean lortutakoak baino % 5,2 gehiago dira.

Txomin Garciak zuzentzen duen kutxak zabaldutakoaren arabera, "interes tasa txikien" ingurumaria honetan, "ohiko banku negozioko marjinetan presio handia dago oraindik". Dena dela, kooperatibak errentagarritasun maila "egokiari" eutsi dio 77,7 milioi euroko interes marjinak eskuratuta. Horri komisioek, dibidenduek eta beste finantza-eragiketa batzuek ekarritako sarrerak gehituta, 112,8 milioi euroko marjina gordina lortu du Laboral Kutxak.

Kaudimenari dagokionez, % 13,69ko kaudimen ratioa (Common Equitiy Tier 1, CET1) duela gogorarazi du Laboral Kutxak, sektoreko erakundeen artean nabarmentzeko modukoa.

Interes tasak txikiak diren arren, kreditu eskariak gora egin du azken hilabeteetan. Hala, familientzako hipoteka kredituak % 66 hazi dira eta kontsumo kredituak, % 29, betiere iazko epe berarekin alderatuta. Enpresei eskainitako finantziazioari dagokionez, formalizazioen bolumena % 54 eta inbertsio hori eskuratu duten enpresen kopurua % 29 hazi da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Laboral Kutxa albisteak