Ekonomia -

Kargu berria

Javier Garcia Lurueña izendatu dute Kutxabankeko kontseilari delegatu

Gaur hartu du Kutxabanken Administrazio Kontseiluak erabakia. Orain arte, ez zegoen horrelako kargurik Kutxabanken, eta Espainiako Bankuak hala eskatuta sortu behar izan dute.

Javier Garcia Lurueña. Argazkia: EITB
Javier Garcia Lurueña. Argazkia: EITB
Garcia Lurueña da Kutxabankeko kontseilari-ordezkaria

1:01

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Garcia Lurueña izango da Kutxabankeko kontseilari delegatua, Izendapenen Batzordeak proposatuta eta ''zuzendaritzako postuetan duen eskarmentu zabala aintzat izanik''. Administrazio Kontseiluak izendatu du ostegun honetan Garcia Lurueña. Erabakia Akziodunen Batzar Nagusiari eman zaio jakitera, eta horrek onartu egin du izendapena.

Garcia Lurueña EHUn Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da, finantzen espezialitatean, eta eskarmentu handiko gizona da Kutxabanken. 35 urte eman ditu erakunde horretan bertan, hainbat zereginetan: lehendabizi Bizkaiko Aurrezki Kutxan, BBKn gero, eta, egun, Kontrol eta Barne Ikuskaritzako zuzendari nagusiaren ondoko eta Presidentziako Kabibeneteko zuzendari gisa.

Aurrerantzean, presidentzia exekutiboak jarraituko du bankuko maila goreneko ardura izaten, eta kontseilari delegatua eguneroko kudeaketaz arduratuko da. Administrazio Kontseiluan ere izango du tokia.

''Profil tekniko eta independendientea'

''Kontseilari delegatu berriak kargu honetarako beharrezkoa den profil profesional tekniko eta independientea ditu'', azpimarratu du Kutxabankek, prentsa ohar baten bidez.

Bertan azaldu dutenez, Administrazio Kontseiluak honako ezaugarri hauek hartu ditu aintzat Garcia Lurueña izendatzeko: ''Lidergorako gaitasuna, bere esperientzia eta gaitasun teknikoak (batik bat finantzen eta garapen korporatiboan), negozio estrategia eguneratuen erabilera, ikuskaritza bikoitzaren profil bikoitzaren ezagutza, eta erakundea, hau osatzen duten pertsonak eta bere kultura ongi ezagutzea, antolakuntza osoaren errespetua izateaz gain''.

''Eskarmentua du, gainera, bankako eta bankaz kanpoko hainbat Administrazio Kontseilutan, hala nola Cecabank, CajaSur Banco, Kutxabank Bizitza eta Pentsioak, Kutxabank Aseguruak, Norbolsa edo Fineco etxeetan'', bankuaren arabera.

Kargu berria

Orain arte, bankuan zein hiru euskal kutxetan ez zegoen horrelako kargurik, baina Espainiako Bankuak hala eskatuta sortu behar izan dute, korporazioen kudeaketa egokiaren arauekin bat egiteko. Estatu mailan, baina, ohikoa da kontseilari delegatua izatea. Kargu berria Administrazio Kontseiluan sartu ahal izateko, Kutxabankek bere estatutu sozialak aldatu behar izan ditu.

Eredu berria

Horrez gain, Administrazio Kontseiluak erakundearen antolakuntza eredu berria onartu du.

Hala, "bankuaren babes euskarriak zuzenean Administrazio Kontseiluko Presidentziaren ardurapean kokatuko dira, Gobernu Korporatibo Oneko praktika egokien ildoan. Honela, Roberto Mollek Barne Ikuskaritzako alorraren ardura izaten jarraituko du, Ismael Recio Arrisku Kontrol Globaleko arduraduna izango da eta Isabel Gomezek Araudia Betetzeko alorrari eutsiko dio".

Gainera, "Irantzu Irastorzak Aholkularitza Juridikoaren ardura izaten segituko du eta bere gain hartuko du Presidentziako Kabineteko Zuzendaritza; Alicia Vivancok Partaidetuen Zuzendari Nagusi eta Endika Ruiz de Zaratek Komunikazioko eta EGE-eko zuzendari izaten jarraituko dute".

Halaber, "kontseilari delegatuaren gidaritzapean kokatuko dira Bitartekoen, Xehekako Negozioaren, Handizkako Negozioaren eta Taldeko Finantzen Zuzendaritza Nagusiak, eta hauen arduradun izaten jarraituko dute, hurrenez hurren, Fernando Martínez Jorcanok, Eduardo Ruiz de Gordejuelak, Fernando Irigoyenek eta Joseba Barrenak".

Azkenik, Ignacio Sanchez Asiain Zuzendari Nagusi Korporatiboak erakundea utziko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank berriak