Ekonomia -

Parke Teknologikoa

Enplegua ekainean berriro hazi egin dela aurreratu du Urkulluk

Gipuzkoako Teknologia Parkean izan da lehendakaria, goizean, Donostian: bertan, 'Kuatro' eraikina inauguratu dute, 7,5 milioiko inbertsioa egin ondoren.

Urkullu, Goia, Olano eta Tapia 'Kuatro' eraikinaren inaugurazioan, Donostian.
Urkullu, Goia, Olano eta Tapia 'Kuatro' eraikinaren inaugurazioan, Donostian.
Urkullu, Goia, Olano eta Tapia 'Kuatro' eraikinaren inaugurazioan, Donostian.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu duenez, ekainean berriro enplegua hazi egin da Euskal Autonomia Erkidegoan. Hazkundearen erritmoa "apala" dela, baina EAEKo eknomia "norabide zuzenean" doala nabarmendu du.

Donostian egin ditu adierazpenok lehendakariak, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. 'Kuatro' eraikina inauguratu dute bertan, zientziaren eta teknologiaren sustapenera bideratutako enpresa berritzaileak hartuko dituen 4.400 metroko espazioa. Egitasmo berriak edota hazten ari diren proiektuak batuko dituzte bertan. 7,5 milioi euroko inbertsioa egin dute gaur ateak zabaldu dituen eraikinean.

Lehendakariarekin batera, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak hartu dute parte ekitaldian.

Bere hitzaldian, Confebasken azken datuak ekarri ditu lehendakariak. Maiatzean EAEn 549 enpresa berri sortu zirela adierazi du. "58.600 enpresa ditugu egun, 2012ko abendutik izan dugun kopuru altuena", esan du. Langile autonomoen kopuruak ere gora egin duela eman du jakitera lehendakariak. Horren hitzetan, datuok erakusten dute EAEko enpresa-jarduera "bide onetik" doala eta errekuperaziorako joera egonkortzen ari dela.

Gaur inauguratu duten eraikinari buruz, Urkulluk esan du enpresa ideia berriak ereiteko gunea dela. "Ekintzailetza eta parke teknologikoa" uztarri berean daudela eta belaunaldi berriko enpresentzako espazio aproposa dela gaineratu du.

"Ekitea ereitea da" lehendakariarentzat, eta horretarako erakundeen arteko elkarlana ezinbestekotzat jo du. Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategikoetako bat Basque Industry 4.0 proiektua dela, eta horri "herri gisa" egin behar zaiola aurre nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu