Ekonomia -

Enplegua

Kontraerreformek arriskuan jar dezakete enplegua, Rajoyren esanetan

Bestalde, Espainiako gobernuko presidenteak historikotzat jo ditu gaur argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak.

Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidentea eta Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroa. EFE
Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidentea eta Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroa. EFE
Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidentea eta Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroa. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidenteak ohartarazi du "kontraerreformek" eta "iraganera bueltak" arriskuan jar dezaketela, gaur, Biztanleria Aktiboaren Inkestak "baieztatutako" enplegu-datuak.

Horrela mintzatu da Espainiako gobernu presidentea La Razon egunkariak antolatutako "Enpleguaren arrazoia" jardunaldiaren irekiera ekitaldian. Rajoyz gain, bertan izan dira Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea, Fatima Bañez Enplegu ministroa eta Ana Pastor Sustapen ministroa.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak jakinarazi eta minutu gutxira atera da jendaurrera. Estatu espainiarreko datuei dagokienez, 295.600 langabe gutxiago daude eta 5.149.000 pertsona daude guztira lanik gabe. Bestalde, 411.800 lanpostu sortu dira, 2005etik jasotako kopururik handiena.

Rajoyk "historikotzat" jo ditu datu horiek eta esan du Espainian 2011ko azken hiruhilekoan baino langabe gutxiago eta lanean ari diren eta Gizarte Segurantzan izena eman dauden pertsona gehiago daudela.

Ildo horretan, azpimarratu du Espainia Europako langabeziaren erdia eragitetik enpleguaren erdia sortzera igaro dela.

Dena den, nabarmendu du seriotasunez jokatzeko eta erreformak egiteko garaia dela eta ez "ateraldiak" eta "paralisi erreformistak" abian jartzekoa; izan ere, haren esanetan, jokabide horiek enplegu galera eragin zuten iraganean.

"Ez da iraganera itzultzeko garaia, elkarrekin Espainiaren etorkizunaren alde lan egiteko aroa baizik", berretsi du Rajoyk. Gainera, esan du eskura dagoen helburua dela datorren legegintzaldian 20 milioi lanpostu izatera heltzea.

Hala eta guztiz ere, argi utzi nahi izan du ezin dela abiadura moteldu. Haren hitzetan, oraindik ere espainiar asko garai txarrak pasatzen ari dira eta, horregatik, gobernuak erreformak egingo ditu "azken unera arte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak Espainiako Gobernua albisteak