Ekonomia -

Mundu ekonomia

Petrolioaren prezioa 2009tik izan duen zenbateko merkeenera jaitsi da

Beherakadaren arrazoiak bi dira: Txinako hazkundearen gaineko zalantzak eta gehiegizko eskaintza

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europan erreferentzia gisa erabiltzen den Brent petrolio-upelak azken sei urte eta erdian izan duen prezio merkeena izan du gaur goiz partean. Hori horrela izateko bi arrazoi nagusi daude: batetik, azken egunotan Asiako burtsen beherakada eragin duten Txinako hazkundearen gaineko zalantzak; bestetik, gehiegizko eskaintza.

Hain zuzen ere, Brent petrolio-upelaren prezioa % 3,63 ari zen jaisten 10:50ean, eta 43,81 dolar balio zituen. Saioan zehar 43,67 dolar markatzera iritsi da, 2009ko martxotik izan duen baxuena.

Modu horretan, 2009ko urtarrilean upel bakoitzeko balio izan zituen 39 dolarretatik lau dolarreko distantziara besterik ez dago une honetan Brent indizea. Garai horretan, gutxieneko balioak markatu zituen, 2008ko irailean hasi zuen jaitsiera handiaren eraginez, Lehman Brothersen porrotak bultzatuta.

AEBn erabiltzen duten Texas 'light sweet' izeneko indizearen kasuan, 45,46 dolarrean ari da kotizatzen astelehen honetan. Saioan zehar 44 dolar ere balio izan du, 2009ko martxotik izan duen baxuena.

Txinako Gobernuak asteburuan zehar jakinarazi dituen neurriek (pentsio funtsek burtsan inbertitu ahal izateko gaitasuna) ez dute lortu Asiako burtsek joan zen astean zehar hasitako beherakada gelditzea. Beherakada horretan Txinako burtsek euren balioaren % 11 galdu zuten.

Eskaintzari dagokionez, Iranek eta Aljeriak mezuak zabaldu dituzten mezuen arabera, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen (LPEE) batzarra deituko omen dute, beren ekoizpen-helburuei buruz aritzeko, baina oraindik ez da horri buruzko baieztapen ofizialik egon.

Aipatutako petrolioaren prezioaren jaitsiera gertatzen ari da, nahiz eta orain dela bi aste Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) 2015erako petrolio-eskaerari buruzko aurreikuspena areagotu egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina gaur Ekonomia albisteak