Ekonomia -

Datorren ostegunetik aurrera

Amurrioko Tubos Reunidos enpresako bi langile epaituko dituzte

2012an izandako 24 orduko greba batean Ertzaintzarekin izandako liskar batengatik, 2 urteko eta bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Arabako Fiskaltzak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Fiskaltzak bi urteko eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Amurrioko Tubos Reunidos enpresako bi langileentzat, 2012ko apirilaren 18an izandako 24 orduko greba batean Ertzaintzarekin izandako liskar batengatik. Epaiketa datorren ostegunean hasiko da Gasteizko epaitegi batean.

Ministerio Publikoaren aburuz, Ertzaintzako hainbat agente lantegiko sarreran azaldu ziren egun hartan, 06:00ak aldera. Bertan grebalari talde bat elkarretaratzea egiten ari zen, enpresa batzordeak deitutako 24 orduko greba baten harian, hitzarmen kolektiboa defendatzeko eta lan-erreformaren aurka protestatzeko asmoz.

Fiskaltzaren aburuz, lantegian sartzea galarazi zioten grebalariek ibilgailu bati. Hori dela eta, agenteek parte hartu zuten, eta bidea zabalik uzteko agindu zioten grebalariei. Horietako batek muzin egin zion, ertzainak birritan eskatu arren. Horren ondorioz, agenteak grebalaria besotik heldu zuen eta taldetik banandu, hura identifikatzeko. Hau ikusita, gainerako grebalariek biak inguratu zituzten, eta bultzaka eta ostikadak ematen hasi ziren, akusazio publikoak dioenez.

Hori dela eta, Fiskaltzak agintearen aurkako atentatua eta lesio-delitua egotzi die akusatuei. Batentzat bi urteko espetxe-zigorra eskatu du, eta 600 euroko isuna, eta bestearentzat, berriz, 9 hilabeteko zigorra aginteari aurre egitea leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia