Ekonomia -

Emisioak

Volkswageneko langileek gertatua lehenbailehen argitzeko eskatu dute

Gertatutakoaren "ondorio pertsonalak" ikusi nahi dituzte, baina "langileengan inolako ondoriorik ez izatea".

Nafarroako Volkswageneko langileak. Argazkia: EiTB
Nafarroako Volkswageneko langileak.
Nafarroako Volkswageneko langileak. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volkswagen taldeko sindikatuetako ordezkariak "asaldatu" egin dira 11 milioi autoren CO2 emisioei buruzko datuak manipulatu dituztela jakin dutenean, eta gertatutakoa "lehenbailehen" argitzeko exijitu dute.

Horixe adierazi du Bernd Osterloh Volkswagen taldearen langile batzordearen presidenteak beharginei igorritako gutun batean. Langile horietako 4.700 Landabengo (Nafarroa) fabrikakoak dira.

VW-Nafarroak helarazitako gutunean agertzen denez, "ahal den guztia" egingo dute Administrazio Kontseiluaren aste honetako bileretan guztia "lehenbailehen" argitzeko.

"Ez dugu onartuko manipulazio horiekin Volkswageneko langileek auto ekoizle bikainen fama ona galtzea. Gure enpresaren irudiak kalte handia jasan du, eta baldintzarik gabe eta zinez argitzen bada soilik konpon daiteke", berretsi du.

Egoerak langileen artean sortu duen "kezka" aitortu du Osterlohk, baina "tentsio handiko egunotan" autoak "ahal den kalitate onenarekin" egiten jarraitzeko deia egin du.

"Gu, langile gisa, gara bezeroei gutxi batzuen akatsa izan dela helarazteko gai", azpimarratu du.

Nafarroako Gobernuak "ikuspegi baikorra" du oraindik

Bestalde, Nafarroako Gobernuak esan du Volkswagenekiko zuen "ikuspegi baikorra"ri eusten diola, eta Nafarroako lantegiaren "balizko bultzada"rekin aurrera jarraituko duela, Ana Ollo bozeramaileak azaldu duenez.

Ollok esan du Nafarroako Gobernuak albisteak jarraitzen dituela, eta "egun" dituztenekin ez dela Volkswagenekiko zuten "ikuspegi baikorra eta balizko bultzadarekiko konfiantza aldatzen".

Manu Ayerdi Industria kontseilari eta ekonomia presidenteordeak "aurki" Volkswageneko ordezkariekin biltzeko asmoa duela jakinarazi du, eta duten informazioarekin ez dutela alarma pizteko arrazoirik ikusten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruzurrak albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak EAEko kutsadura gaur Automobilgintzari buruzko albisteak Volkswagen