Ekonomia -

Lanbide

ELAk ez du babestuko Lanbiden sinatutako akordioa

CCOO, UGT eta LAB sindikatuak akordio batera iritsi ziren Jaurlaritzarekin, baina, dokumentua aztertu ostean, ELAk erabaki du itunarekin bat ez egitea, “gatazka behin betiko konpontzen ez duelako”.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Enplegu Zerbitzuan (Lanbide) atzo UGT, CCOO eta LAB sindikatuek Jaurlaritzarekin lortutako akordioa ez babestea erabaki du ELAk, afiliatuekin batzarra egin ostean.

Itun horretan Lanbideko langileen baldintzak ezartzen dira eta 918 behargin izango dituztela zehazten da. Era berean, ordainsaria bere horretan mantenduko zaie eta enplegu publikoari eusteko bitartekoak eskaintzen dituzte.

Akordioak hiru urteko lan-gatazkari amaiera eman dio.

ELAk atzo iragarri zuen akordioa babestu edo ez erabaki aurretik, dokumentua afiliatuekin aztertuko zuela. Asanbladak egin dituzte eta gehiengoa hitzarmena sinatzearen aurka agertu da.

ELAren esanetan, “langileek hiru urte horietan egin dituzten mobilizazioen ondorioz” lortu dute Eusko Jaurlaritzak jarrera aldatzea, “eta oraindik akordioaren edukiak hobetzeko abagunea zegoen”, deitoratu dute.

Sindikatuak aitortu du itunean “aurrerapausoak” egon badaudela, baina “langileen oinarrizko aldarrikapenek erantzunik gabe jarraitzen dute”.

Ildo horretan, diru-sarrerak bermatzeko errentaren programako 38 lanpostuak bermatuta ez daudela eta kontratu mugagabedun langileek enplegua finkatzeko formula zein den zehazten ez dela kritikatu du ELAk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Lanbide bideoak Albisteak