Ekonomia -

Bidaia ofiziala

Mercedeseko zuzendaritzarekin bilduko da Urkullu Alemanian

Multinazionalak Gasteizko lantegirako duen proiektua bertatik bertara ezagutuko du lehendakariak. Tapia sailburuak 4.0 industria aztertuko du hainbat enpresarekin.

Barne Produktu Gordinaren ia % 4 suposatzen du Gasteizko Mercedesen lantegiak. EFE
Barne Produktu Gordinaren ia % 4 suposatzen du Gasteizko Mercedesen lantegiak. EFE
Barne Produktu Gordinaren ia % 4 suposatzen du Gasteizko Mercedesen lantegiak. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria Sttuttgarten (Alemania) egongo astelehen honetan, automobilgintza sektoreko Daimler multinazionaleko arduradun gorenekin biltzeko. Mercedes-Benzek Gasteizen duen plantaren jabea da Daimler, eta Arabako hiriburuko lantegiko etorkizuneko proiektua ezagutzera joan da Urkullu bertara.

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, bisita "estrategikoa" da Alemaniara egin beharreko hau; izan ere, Gasteizen dago Vito eta V Klasea modeloak ekoizten dituen Europako planta bakarra. Lantegiak Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren % 2,9 eta esportazioen % 8,3 eragiten ditu.

Urkullu lehendakariarekin batera, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotzeko zuzendaria joan dira.

Lanbide Heziketa 'duala'

Automobilgintzaren sektorean proiektu aurreratua edukitzea "lehentasun estrategikoa" da Jaurlaritzarentzat. Hain justu, Mercedeseko lantegia "erreferentea" da arlo honetan, 60 urtetik gorako ibilbidean 3.500 lanpostu zuzen eta zeharkako 13.000 sortu baititu.

Vito furgoneta eta V Klasea monobolumena ekoizten dituen Europako lantegi bakarra da Gasteizkoa. Urtean 100.000 unitate egin eta 1.900 milioi euro inguru fakturatzen ditu.

2014tik, Eusko Jaurlaritzak eta Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiak elkarlan-hitzarmen bat daukate, Lanbide Heziketa egiten duten pertsonei begira: ikasleen espezializazio maila handitzeko, enpresetan presentzia handiagoa ematen zaie, Alemaniako ereduari jarraiki. LH dualari esker, prestakuntza-zikloaren bi heren lantegian bertan egiten da, enpresako ekoizpenak eskatzen dituen kualifikazio mailei hobeto erantzuteko.

4.0 industria

Arantza Tapia sailburua buru izango duen ordezkaritza batek Alemanian jarraituko du 4.0 industria bertatik bertara ezagutzeko. Hala, hainbat erakunde eta enpresarekin hitzordua egingo dute Alemaniako 4.0 Industriaren azken aurrerakuntzak ezagutzeko, alemanei Euskadi inbertsioetarako toki erakargarri bezala aurkezteko eta euskal enpresentzat lankidetzarako bide berriak irekitzeko.

Alemaniako Gobernu Federalak industria arloan abiatu duen Benchmarckingean parte hartzen du Jaurlaritzak, eta, hortaz, euskal industria 4.0 industriako joera aurreratuenen aldean duen egoera ikusteko balioko du bisitaldiak.

Langileen eskubideak babestea eskatu dio LABek lehendakariari

Bestalde, LABek Iñigo Urkullu lehendakariari dei egin dio langileen eskubideak defenda ditzan, EAEko herritarren ordezkari instituzionala den neurrian.

“Espero dugu bilera ez erabiltzea enpresariei berriro mesede egiteko, ezeren truke erraztasun guztiak ematen jarraitzeko. Alderantziz, euskal langileon enplegua eta eskubideak aktiboki defendatu behar ditu, ez soilik lelo gisa”, adierazi du sindikatuak ohar baten bidez.

LABek beharrezkotzat jotzen du lehendakariak mahai gainean jar dezala “Mercedesen dagoen prekarietatea, bai bertako langileena, baita azpikontratena ere, desagerrarazteko beharra”.

“Multinazionalaren zuzendaritzari ondoko puntuak argiki planteatzea eskatzen diogu: azpikontratetan lan baldintza duinak eduki behar dituztela eta aldi baterako langileen kasuan, ez egoteko soldata eskala bikoitza, ez behartzeko aparteko orduak egitera, besteon baimen eta lizentziak edukitzeko, lanpostuen puntuazioan ere hitzarmena aplikatzeko,...”, eskatu dute.

“Momentu honetan bere Gobernuaren menpe dagoen Lan Ikuskaritzak honen inguruko salaketa tramitatzen ari denez, uste dugu bilera hau aukera paregabea dela diskriminazio hauei irtenbidea bilatzeko. Pertsonak eta enplegua lehentasuna badira, aktiboki defenda ditzan”, erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Lana albisteak Alemania bideoak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hezkuntzako albisteak 2024 Mercedes-Benz albisteak Industria gaur BPGd Espainia Automobilgintzari buruzko albisteak