Ekonomia -

Kontzertuari kritikak

Urkullu: 'Batzuek gehiegi gastatu zuten, Euskadik ez'

Lehendakariaren hitzetan, Kontzertua zalantzan jarri duten Estatuko buruzagiek hobe lukete Euskadiren "kudeaketa erantzulearen kultura" bere egin.

Erakundeetara eta nazioartera zabalduko du Urkulluk aldarria

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkulluk Kontzertua Ekonomikoaren eta Kupoaren defentsa sutsua egin du berriz ere, eta finantza sistema zalantzan jarri duten Estatuko buruzagiei Euskadiren "kudeaketa erantzulearen kultura" bere egiteko dei egin die. Salatu duenez, Estatuko "beste leku batzuetan gehiegi gastatu zuten, zutena baino gehiago". Haren hitzetan, Euskadin ez zen halakorik gertatu.

EAJk, PSEk, PPk eta UPyDk Kontzertuaren eta Kupoaren inguruko galderei erantzutean egin du hausnarketa Urkulluk. Gaia mahai gainean dago Estatuko hainbat buruzagik Kontzertu Ekonomikoa "moldatu" beharra dagoela esan zutenetik.

Rajoyren "erantzunik ez"

Horren harira, Urkulluk iragarri du hauteskundeen ondotik osatzen den gobernuarekin gaia aztertzeko asmoa duela, baita Kupoa zehazten duen Legearen berrikuspena ere. Izan ere, Rajoyren gobernuaren etsita dago lehendakaria, ez baitio iaz helarazi zion proposamenari "erantzun ere egin".

Dena dela, "aldebakarreko erabakiak" baztertu ditu eta Gobernu zentralarekin negoziatu beharra dagoela adierazi du.

Lehendakariaren esanetan, Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa "legezko" tresnak dira, Espainiako Konstituzioak aitortuak eta Europar Batasunak "babestutakoak".

Euskadiren berezko sistema finantzarioa "insolidarioa" dela ukatu du Urkulluk. Adierazi duenez, biztanleriari eta aberastasunari erreparatuta, Euskadik "dagokiona baino gehiago" ordaintzen dio Estatuari.

"Gehiegizko gastua"

Kontzertuan auzitan jartzen dutenei aholkua eman die Urkulluk: "Hobe lukete Euskadiren kudeaketa erantzulea bere egingo balute. Garai batzuetan behar baino gehiago gastatu zuten eta", erantsi du.

"Euskadin, dugunaren arabera gastatzen dugu; ezin diogu Estatuari eskatu eta gu gara gure gastuen erantzule. Hori da gure egin dugun eredua", argudiatu du.

Eredu horri kontrajarriz, "oparoaldian, beste leku batzuetan gehiegi gastatu zuten, zutena baino gehiago, eta eraginkortasun ekonomiko eta sozial eskasarekin, gainera", kritikatu du Urkulluk.

Lehendakariak esan duenez, "halakorik ez da gertatu" Euskadin eta "ez dugu finantza ahalmenaren gainetik" gastatu. Urkulluren hitzetan, "hauxe da bultzatu beharko litzatekeen kudeaketa erantzulearen kultura, Kontzertu Ekonomiari eraso egin beharrean".

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu azken albisteak Kontzertu Ekonomikoa