Ekonomia -

Basque Cluster Day

Arantza Tapia: 'Kluster lehiakorrak funtsezkoak dira ekonomia hazteko'

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak adierazi duenez, "euskal enpresentzat inoiz baino beharrezkoa da lankidetzan jardutea lehiatu ahal izateko".

Tapia Christian Ketels TCI-Network sareko presidentearekin batera. EFE
Tapia Christian Ketels TCI-Network sareko presidentearekin batera. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klusterrek garapen ekonomikoan duten garrantzia azpimarratu du gaur Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Basque Cluster Day ekitaldiaren lehen edizioan.

Jardunaldia Jaurlaritzak, SPRIk eta Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Erakundeak antolatu dute Bilboko Azkuna zentroan, klusterren politikak 25 urte bete dituen honetan. Basque Cluster Day ekitaldiak bi helburu ditu, antolatzaileen esanetan: batetik, kluster politikaren bilakaera aztertzea eta Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntzako Estrategiaren (RIS3) hedapenaren testuinguruan kluster politika horrek dauzkan eta izango dituen erronkak hausnartzea.

"Badakigu funtsezkoa dela kluster lehiakorrak edukitzea (hau da, berritzaileak eta nazioartekotuak) ekonomikoki hazteko, kalitatezko enplegua sortzeko eta Barne Produktu Gordin (BPG) handieneko Europako eskualdeen % 5eko multzoan mantentzeko", nabarmendu du Tapiak agerraldian.

Sailburuak jakinarazi duenez, "araudi berriari esker, tamaina handiagoko kluster eta elkarteak sortu ahal izango dira, eta kluster arteko elkarlana ere erraztuko da. Gure sektore eta kluster naturalen mugak gainditu beharko ditugu eta kluster arteko lankidetza garatu, gaitasunak konbinatuz eta gehituz, proiektu bateratuak egituratuz, jarduerak elkarrekin garatuz eta tamaina egokiena lortuz identifikatutako aukera nitxo global horiei heltzeko". "Paradoxikoa badirudi ere, euskal enpresentzat inoiz baino beharrezkoagoa izango da lankidetzan jardutea lehiatu ahal izateko", erantsi du.

Ekitaldian omenaldia egin zaio Jon Azuari, lehendakariorde eta industria sailburu izan zenari eta kluster ekimenen bultzatzaile eta arlo horretako aitzindariari. Christian Ketelsek ere parte hartu du jardunaldian, Harvard Business Schooleko TCI-Network sareko presidenteak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia berriak