Ekonomia -

Hiruhileko txostena

EAEko ekonomia % 2,7 haziko da 2015ean, Jaurlaritzaren arabera

Aurreko hiruhilekoan aurreikusitakoa baino bi hamarren gehiago haziko dela uste du, "Espainiako ekonomiak erakutsi duen dinamismoagatik".

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espero baino gehiago haziko da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia aurten, zehazki, aurreikusitakoa bi hamarren gehiago, % 2,7ra iritsi arte, Eusko Jaurlaritzak koiuntura ekonomikoari buruz egin duen azken hiruhileko txostenaren arabera.

Jaurlaritza baikorrago agertu da, horrenbestez, "batez ere, Espainiako ekonomiak erakutsitako dinamismoa" kontuan hartuta, eta aurreikuspenak hobetzea erabaki du. Izan ere, aurreko hiruhileko txostenean, EAEko Barne Produktu Gordina % 2,5 haziko zela aurreikusi zuen Jaurlaritzak.

Enpleguari dagokionez, % 1,8 haziko dela uste du Ricardo Gatzagaetxebarriak zuzentzen duen Sailak. Aurreikuspen horren arabera,  langabezia tasa % 15,2koa izango da 2015ean; 2016an, % 13,4ra jaitsiko da.

2016ari dagokionez, egindako aurreikuspenei eutsi die Ogasun eta Finantza Sailak, eta hazkundea % 2,5ean kokatu du; erritmoa "zertxobait leunduko da", erantsi du. Apaltzea kontsumo pribatuaren normaltzearen ondorioz etorriko da, Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak argitu denez. Izan ere, txostenean azaldu duenez, "aldagai hori ekonomia osoa baino gehiago hazten ari da, hainbat alderdi iragankorrek bultzatuta, hala nola, petrolioaren merkatzea, inflazio apala eta aurreko urteetan geroratu ziren gastu batzuk orain gauzatu izana".

Barne eskaria izango da euskal ekonomiaren motorra, eta ekonomia osoaren gehikuntza tasari egingo dion ekarpena 2,6 puntukoa izango da 2015ean eta 2,2koa, 2016an.

"Bilakaera dinamikoa"

Euskal familien errenta mailak gora egingo duenez, kontsumo gastua ere igoko da. Hazkunde hori azaltzeko honako arrazoiak azaldu ditu Ogasun eta Finantza Sailak: enplegu garbiaren sorrera garrantzitsua, kontsumoko prezioen jaitsiera, kreditu bat lortzeko erraztasunak, soldaten igoera eta etorkizunari buruzko aurreikuspen baikorragoak.

Enpresen inbertsioek ere "bilakaera dinamikoa" izango dute datozen hilabeteetan. Hiru faktorek eragingo dute hobetze honetan: nazioarteko ekonomia hazi egingo da, barne eskariaren "dinamismoa" eta kreditu bat lortzeko erraztasunak handiagoak direla.

Kanpo eskariari dagokionez, honen ekarpena "neutroagoa" izango da, atzerrian egindako erosketak barne eskariaren bultzadarengatik haziko diren arren.

Eskariari dagokionez, jarduera arlo guztiek goranzko joera izango dutela uste du Jaurlaritzak. Industria sektoreak % 2,5 egingo du gora eta eraikuntzak "hazkunde apala izango du, baina zenbaki positiboekin". Zerbitzu alorrak "dinamismo handia" izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Eusko Jaurlaritza albisteak Ekonomia albisteak