Ekonomia -

EAE-ko zerga sistema

Kontzertu Ekonomikoaren defentsa berretsi du Legebiltzarrak

EAJk, PSE-EEk eta PPk testua adostu dute "solidarioa eta funtsezkoa" den sistema horren alde. EH Bilduk zuri bozkatu du, eta UPyDk, kontra.

Egibar, gaurko osoko bilkuran. EFE
Egibar, gaurko osoko bilkuran. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoei esker, Kontzertu Ekonomikoaren alde egin du gaur, euskal autogobernua garatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren ongizatea bermatzeko "funtsezkoa" dela iritzita. Hiru taldeek testua adostu dute azkenaldian Estatuko hainbat buruzagik Kupoaren eta Kontzertu Ekonomikoaren kontra egindako adierazpenei aurre egiteko.

Oraingoan, EH Bilduk zuri bozkatu du, adierazpenak "burujabetzaren bidea ukatu" egiten duelako. UPyD, ordea, kontra azaldu da, Kontzertua "pribilegioa" dela uste dutelako.

"Kontzertu Ekonomikoaren kontrako kanpainari" erantzun beharra dagoela iritzi diote EAJk, PSE-EEk eta PPk. Adierazpenean, Kontzertua "Konstituzioaren aurreko eskubidea" dela azpimarratu dute taldeek, eta "solidarioa eta eraginkorra" dela nabarmendu dute.

Halaber, Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren aurka egon daitezkeen "erasoen aurrean aktiboki defendatzeko" konpromisoa hartu du Legebiltzarrak. Gainerako erakunde politiko, ekonomiko eta sozialei ere defentsa horrekin bat egiteko eskatu diete; izan ere, agiriaren sinatzaileen ustez, "aldebakarreko arriskua" duen tresna da Kontzertua, EAEren finantzazioa bere diru-sarreren menpe dagoelako. Bestalde, autogobernua garatzeko eta EAEko herritarren ongizatea bermatzeko "funtsezkoa" dela uste dute Legebiltzarrean gehiengoa duten taldeek.

Taldeen argudioak

Joseba Egibar EAJk Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi duenez, azkenaldian "xantaia politikoa" egiteko saiakera ugari izan dira Kontzertuaren inguruan. "Mezu ugari bota dizkigute beste eztabaida batzuetan ez sartzeko mehatxu eginda, egun dugun sistema kolokan jar dezaketelako nonbait", salatu du.

Unai Urruzuno EH Bilduko eledunak Kontzertuaren alde egin du, baina "erabateko buruzagitzari uko egin gabe". Hala, testuak hala egiten duela iritzita, zuri bozkatu dutela azaldu du.

Hainbat alderdikideren "astakeriak" deitoratu ditu Jose Antonio Pastor sozialistak, baina erantzuna "neurrigabekoa" izan ezin daitekeela ohartarazi du. Eusko Jaurlaritzak Kontzertuaren kontra "adostutako kanpaina bat" dagoela esan du, eta hori "gehiegi esatea" da, horren ustean.

Anton Damborenea PPko bozeramaileak EAEko zerga eta finantza tresna berezia defendatu du, eta Cristobal Montoro Ogasun ministroaren agindupean "berritu eta gaurkotu" dela nabarmendu du. Horregatik bakarrik, EAJk "monumentua egin beharko lioke ministroari", Danborenearen esanetan.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea bakarrik geratu da Kontzertua kritikatzeko orduan. Horren iritzian, "pribilegioa" baino ez da. PSOEren eta PPren "hipokresia" ere salatu du Maneirok, beste erkidegoetako buruzagiek zalantzan jartzen dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertu Ekonomikoa Eusko Legebiltzarra Gaurko azken ordukoa