Ekonomia -

Urriko soziometroa

Euskadiko egoera ekonomikoa 'ona' dela uste dute herritarren % 40k

Egoerak hobera egin duela uste dutenen kopurua dezente hazi da 2013tik. Dena den, arazo garrantzitsuenei buruz galdetuta, enpleguari lotutakoak aipatu dituzte gehienek (% 83).

Lan merkatuarekin lotutako arazoak dira, herritarren gehiagoaren arabera, larrienak. EiTB
Lan merkatuarekin lotutako arazoak dira, herritarren gehiagoaren arabera, larrienak. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren % 40ren arabera, Euskadiko egoera ekonomikoa "ona" da. Egoerak hobera egin duela uste dutenen kopurua 20 puntu hazi da 2013tik. Hala jaso du behintzat Eusko Jaurlaritzak urrian egin duen Soziometroak.

Espainiako egoera ekonomikoak, ordea, ez du horren iritzi onik jaso, eta % 8k baino ez dute uste "ona edo oso ona" dela. 2013tik ez da ia aldatu kopuru hori (galdetutakoen % 3k uste zuen hori duela bi urte).

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azken soziometro honek desberdintasun sozialen eta laguntzen gaia landu du bereziki, baina ekonomia eta politikaren ingurukoak baztertu gabe. 2015eko urriaren 13tik 19ra egindako 2.520 elkarrizketa hartu dituzte oinarri horiek ondorioztatzeko.

Euskadik dituen arazo handienei buruz galdetuta, enpleguari lotutakoak aipatu dituzte gehienek (% 83) lehen hiruren artean. Arazo ekonomikoak (% 17) eta egoera politikoa (% 14) geratu dira zerrendako bigarren eta hirugarren postuetan, baina hauek ere aipatu dituzte galdetutakoek: etxebizitza eta etxegabetzeak (% 11), zerbitzu publikoek emandako babesa eta laguntzak (% 10), ustelkeria eta iruzurra (% 7) eta immigrazioa (% 7).

Euskal herritarren ustez, bizitzan aurrera egiteko garrantzitsuena norberaren esfortzua da (% 46), eta norberaren inteligentzia eta trebetasunak bigarren tokian daude (% 23). Jende egokia ezagutzea garrantzitsua da, herritarren % 18ren arabera, eta familia aberatsa edukitzea gakoa izan daiteke, galdetutakoen % 10en iritzian.

Euskadiko gizarte egiturari dagokionez, % 23k uste dute piramide itxura duela; hau da, aberats gutxi, erdi mailako diru-sarrerak dituen jende gehiago eta gehiengo handia pobrea dela. Beste % 20ren ustez, berriz, jende aberats dezente dago, baina gehiengoa erdialdean eta behean dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Lana albisteak Ekonomia Gaurko azken ordukoa