Ekonomia -

Ikerketa

1.400 milioi euroko galerak EBn, jostailuen faltsutzeagatik

Europako fabrikatzaileek salmenten % 12 galtzen dute jostailu faltsuen erruz, ikerketa baten arabera.

6.150 lanpostu galtzen dira urtero jostailuen faltsutzearen erruz. EiTB
6.150 lanpostu galtzen dira urtero jostailuen faltsutzearen erruz. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Faltsutzeak direla eta, urtero 1.400 milioi euroko galerak dituzte Europar Batasuneko jostailu fabrikatzaileek, Barne Merkatua Harmonizatzeko Bulegoak (BMHB) egindako ikerketa baten arabera.

Europar Batasuneko markak, diseinuak eta modeloak erregistroan jaso, sustatu eta administratzea helburu duen agentzia da BMHB, eta faltsutzeek sektore ezberdinetan duten eraginaren inguruko txostenak kaleratu ditu aurten. Oraingoan, jostailuen eta jolasen merkatua ikertu du (bideo-jokoak, bideo-jokoetarako softwarea eta bizikletak ez ditu kontuan hartu). Ikerketaren arabera, salmenten % 12 eta 6.150 lanpostu galtzen dira urtero faltsutzeen erruz.

Espainiako Estatuan, salmenten % 16,6 (167 milioi euro) galtzen da, txosten horren arabera.

Barne Merkatua Harmonizatzeko Bulegoaren esanetan, jolasak eta jostailuak fabrikatzeko sektorean, enpresa txiki eta ertainak dira nagusi; batez beste, 10 bat langile dituztenak.

Faltsutzeek sektorean dituzten eragin zuzen eta zeharkakoak kontuan hartzen badira, gainera, 370 milioi eurokoa da urtero galera, BEZaren, errentaren gaineko zergaren, Sozietateen gaineko zergaren eta Gizarte Segurantzaren kotizazioen bidez galdutakoa kontuan hartuta.

Alemania da Europar Batasuneko jostailu fabrikatzaile handiena. 2012ko datuen arabera, Europar Batasuneko jostailu guztien % 40 (2.700 milioi euro) herrialde horretan ekoizten dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak