Ekonomia -

Telefonia mugikorra

Euskaltel mugikorren lehen operadorea da Euskadin

Orain arte hirugarren postuan zen konpainia merkatuaren % 30ren jabe da, eta 300.000 bezero ditu (iaz baino 90.000 gehiago).

Garcia Erauzkin eta Ojeda, Euskaltel Burtsan kotizatzen hasi zen egunean. EFE
Garcia Erauzkin eta Ojeda, Euskaltel Burtsan kotizatzen hasi zen egunean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtebetean, hirugarren postutik aurrenekora igaro da Euskaltel, eta Euskadiko telefonia mugikorreko lehen operadorea da gaur egun. Merkatuaren % 30ren jabe da, eta 300.000 bezero ditu, iaz baino 90.000 gehiago.

Urteko balantzea egin du konpainiak Bilbon, eta bertan izan dira enpresaren buruzagiak, besteak beste Alberto Garcia Erauzkin presidentea, Fernando Ojeda zuzendari nagusia eta Francisco Javier Allende Kontseiluko idazkari nagusia. Euren hitzetan, "2015a oso urte ona izan da akziodunentzat, euskal gizartearentzat, eta abenduaren 1etik aurrera, Galiziako gizartearentzat" (R Cable konpainia galiziarra erosi du Euskaltelek).

Ojedak nabarmendu duenez, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) "gehien hazi den operadorea" da Euskaltel. "Geroko ordainketako sakelakoen merkatuan liderrak gara, merkatuaren % 30ren jabe baikara", iragarri du euskal konpainiaren zuzendariak. Telefonica enpresa da bigarrena, merkatuaren % 22rekin.

"Hirugarren hiruhilekoaren amaieran, iaz baino 90.000 bezero gehiago zituen Euskaltelek. Hirugarren postuan egotetik, aurrenekora igaro gara etxeko telefonia mugikorraren sektorean", azpimarratu du.

Ojedak gogorarazi duenez, 2015ean 4G zerbitzua martxan jarri dute, eta egun sare propioa LTE/4G lizentziaren bidez "zabaltzen" ari dira.

Euskaltel Wifi Kalean zerbitzuari dagokionez, astero 100.000 bezerok darabiltzate EAEko hiri eta herrietan jarritako 160.000 wifi guneak. Ojedak emandako datuen arabera, zerbitzu honi esker 3,2 milioi euro "aurreztu" dituzte Euskaltelen erabiltzaileek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskaltel albisteak Telefonia mugikorra albisteak Albisteak