Ekonomia -

Mendeko finantza-ekarpenak

Hasi da Eroskiren ekarpenak trukatzeko epea

Trukea onartzen dutenek inbertsioaren % 30 galduko dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eroskiren mendeko finantza-ekarpenak ostiral honetatik trukatu ahal izango dituzte inbestitzaileek, Balore Merkatuko Batzorde espainiarrak (CNMV) onartu egin baitu euskal kooperatibak eskainitako bonu mota.

Horren ildotik, trukea onartu nahi duten inbestitzaileek 12 urterako bonu bat jasoko dute, erositako ekarpenen balioaren % 55 beste. Interesa Euribor + 3 izango da.

Beste % 15 eskudirutan itzuliko die Eroskik, baina gainerako % 30a galdu egingo dute inbestitzaileek, hau da, ez dute diru hori inola ere jasoko.

Ekarpenak trukatzea borondatezkoa izango da; trukea onartzen ez dutenek bide judizialari ekin diezaiokete. Ostiral honetatik hilaren 27ra izango da trukea egiteko epea.

Eroskik 2002 urtean sortu zituen mendeko ekarpenak, eta 30.000 pertsonak erosi zituzten. Guztira, 660 milioi euro gastatu zituzten.

Duela urtebete trukearen baldintzak ezagutu zirenean, kaltedunek protesta egin zuten, inbertsioaren % 30 galtzea dakarrelako.

Trukea egin nahi dutenek euren banketxeetara jo beharko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroskiri buruzko albisteak Ekonomia Eguneko albisteak