Ekonomia -

471 langileri eragingo die

Altadis konpainiak Errioxako lantegia itxiko du ekainaren 30ean

Zigarro-ekoizleak 12 lantegi itxi ditu azken 16 urteetan Espainian, Errioxakoa barne, eta 6.000 bat behargin kaleratu ditu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altadis konpainiak Errioxako zigarro-fabrika itxiko du ekainaren 30ean. Berregituraketa egitasmo bat abiatu du enpresak, eta hasiera batean, behintzat, 471 langileri eragingo die, tabako-ekoizleak iragarri duenez. Altadisen jabea Imperial Tobacco Erresuma Batuko enpresa da.

Altadisek 1.021 behargin ditu, berregituraketa planak langileen % 46ri eragingo die, eta Finantza, Salmenta eta Produkzio arloetan aplikatuko dute.

Beharginen ordezkariek gaur jaso dute egitasmoaren berri. Konpainiaren eraginkortasun eta lehiakortasun galera eragotzi nahi du zuzendaritzak planarekin; izan ere, tabakoaren merkatua egoera zailean dago Espainian zein nazioartean. Espainian, esaterako, % 45 baino gehiago egin dute behera salmentek azken bost urteetan.

Araudiaren presioa eta legez kanpoko merkataritza

Konpainiaren hitzetan, bi faktorek okertu dute egoera: araudiaren presioa eta legez kanpoko merkataritzaren gorakada nabarmena, krisi ekonomikoak legez kanpoko trafikoa bultzatu baitu (% 10,6).

Zigarro-ekoizleak 12 lantegi itxi ditu azken 16 urteetan Espainian, Errioxakoa barne, eta 6.000 bat behargin kaleratu ditu.

180 aurrejubilazio

180 behargini aurretik erretiratzeko proposamena egingo die Altadisek, eta gainerako langileak beste fabrika batzuetara bidaltzeko programa bat bultzatuko du.

Juan Arrizabalaga Altadiseko presidentearen hitzetan, “ez da erabaki eroso eta atsegina”, baina nahitaez hartu behar dute sektorearen egoera zaila ikusita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Gaurko albisteak Nafarroan Espainia gaur Ekonomia berriak Gaurko titularrak Viana albisteak Gaurko azken ordukoa Logroño azken ordukoa