Ekonomia -

Otsailetik aurrera

Arcelor Mittalek aldi baterako itxi egingo du Sestaon duen lantegia

Fabrikaren geldialdia "mugagabea" izango da, eta 335 langilerengan izango du eragina. "Altzairuaren merkatuak bizi duen egoera txarraren ondorioz" hartu dute erabakia.

Sestaoko lantegia. Argazkia: EiTB
Sestaoko lantegia. Argazkia: EiTB
Arcelor Mittalek aldi baterako itxi egingo du Sestaon duen lantegia

0:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arcelor Mittalen zuzendaritzak iragarri du Sestaon duen lantegia (Aceria Compacta de Bizkaia) behin-behinean itxi egingo duela, altzairuaren merkatuak bizi duen egoera txarragatik. Otsailean geldituko dute fabrika eta ez dute argitu noiz arte egongo den itxita. Erabakiak 335 langileri eragingo die.

Arcelor Mittalek enplegu-erregulaziorako espedienteak indarrean ditu Estatuan dituen lantegi guztietan. Oraingoan, baina, Sestaoko lantegian “behin-behineko geldialdi mugagabea” egitea erabaki dute, “altzairuaren merkatuak Europan bizi duen egoera oso txarra delako”.

“Merkatuaren baldintzak oso aurkakoak dira, batez ere Txinan ekoitzitako altzairuaren inportazioak nabarmen ugaritu direlako; Txinak %30 merkeago saltzen ditu bobinak Europan”, azaldu konpainiak ohar batean.

Lantegiaren behin-behineko itxialdiak 335 beharginei eragingo die eta, ondorioz, enplegu eta soldata barik izango dira epe horretan. Alabaina, sindikatuek enpresarekin lortutako akordioaren arabera, Arcelor Mittalek soldataren %90 ordainduko die.

Geldialdiaren iraupenari dagokionez, ez dute zehaztu nahi izan noiz arte izango den. “Hilabeteak dira lan-baldintzak okerrera egin zuela eta ez dago inolako zantzurik egoera epe laburrean aldatuko dela esateko; beraz, behin-behineko geldialdia mugagabea izango da”, azaldu dute.

Ildo horretan, konpainiak gogora ekarri du abenduan beti itxi dutela fabrika, egun batzuetarako. “Geldialdirik luzeena 2011ko abendukoa izan zen, sei hilabetekoa”.

Lanpostuak bermatzeko exijitu dio ELAk Arcelorri

Lantegia epe jakinik gabe itxiko dutela eta, ELA sindikatuak Sestaoko fabrikako lanpostuak bermatuko dituen proiektu bat aurkezteko exijitu dio Arcelor Mittali.

ELAk esan du enpresak gau jakinarazi diela langileen ordezkariei Sestaoko lantegia aldi baterako itxi egingo duela otsailean.

“Erabaki oso larria da, 500 lanpostu arriskuan jarriko dituelako, lanpostu zuzenean eta azpikontratatuen artean”, ohartarazi du.

Sindikatuaren arabera, 2016ko lehen seihilekorako 350.000 tonako lan-karga izango zutela agindu zuen enpresak, “baina orain produkzioa Asturiasen eta Frantzian dituen lantegietara eramango du”.

“Multinazional baten erabaki estrategiko baten aurrean gaude, beren interesak soilik defendatu nahi dituztelako, honek guztiak izango duen eragin soziala kontuan hartu gabe”, salatu dute.

Nolanahi ere, ELAk dio fabrika aldi baterako ixteko erabakia ez dutela “harriduraz” hartu.  “2011n BKK-k eta Eusko Jaurlaritzak ACB enpresatik atera ziren eta orduan Arcelorrek eta bi instituzioak jarduera 2016a arte mantentzeko konpromisoa hartu zuten”.

Amaitzeko, ELAk gogora ekarri du Sestaoko lantegiko beharginentzako albiste txarra dela, baina baita Ezkerralde osorako ere, “krisiak gogor astindu duelako zonalde hori, EAEko langabe kopuru handiena bertan dagoelarik”.

Bilera bat eskatuko dio CCOOk Arcelor Mittali

Bestalde, aldi baterako geldialdiaren nondik norakoak azaltzeko Arcelor Mittalen zuzendaritzari bilera bat eskatuko dio CCOO Euskadik, Javier Gomez sindikatu horretako Industria Federazioko idazkari nagusiak jakitera eman duenez.

Erabakiaren berri ostegun honetan bertan izan dutela azaldu du Gomezek, ondorioz, informazioa oso eskasa dela. “Geldialdiak zer esan nahi duen, zenbat luzatuko da eta nola azaltzeko zuzendaritzari bilera bat eskatuko diogu, lehenengo eskuko datuak izateko”, esan du.

Aldundiak premiazko bilera eskatu du

Bizkaiko Foru Aldundiak “erabat kezka” agertu du Sestaoko lantegia epe jakinik gabe itxiko dutelako eta premiazko bilera eskatu dio Arcelo Mitallen zuzendaritzari, erabaki horren xehetasunak ezagutzeko eta beharginak ze baldintzatan geratuko diren jakiteko.

Dagoeneko konpainiarekin harremanetan jarri dira batzarraren data zehazteko asmoz.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, altzairuaren sektorea bizi duen krisialdia “mundu mailakoa” dela azpimarratu du eta Ekonomiaren Garapenerako eta Lehiakortasunerako Saila egoera honi erantzuteko neurriak aztertzen ari dela jakinarazi du.

Bestalde, Sestaoko Udalak esan du “albiste txarra” dela eta erabakiaren inguruko datu guztiak ezagutu nahi dituztela.

Euskal Herriko lantegiak

Arcelor Mittal oso errotuta dago Euskal Herrian. Horren ildotik, konpainiak produktu lauak ekoizteko lantegiak ditu Etxebarrin, Sestaon eta Lesakan; eta produktu luzeak egitekoak Bergaran, Zumarragan eta Olaberrian.

Gainera, banaketa zentroak ditu Agurainen, Hernanin, Lesakan, Legasan eta Berriobeitin.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao argazkiak Zer gertatu da Bizkaian? Lana berriak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak gaur Burdingintza