Ekonomia -

Aldundia

Bizkaia autobideentzako tarifa eredu berri bat aztertzen ari da

A-8 autobidea doakoa izatea aldarrikatzen duen Durangoko plataformak herritarrak “baztertzen ez” jarraitzeko eskatu dio Aldundiari.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Bizkaian %2,5 igo da bidesarien prezioa eta Gipuzkoan %3,5 2016an

1:18

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko autobideetako bidesarietan tarifa “eredu berri bat” aplikatzea aztertzen ari da Aldundia iragan irailetik, kostuak murrizteko eta azpiegituren “jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko”, Imanol Pradales Garapen Ekonomiko eta Lurralde diputatuak atzo Batzar Nagusietan; Gernikan, ziurtatu zuenez. PPk Pradalesen agerraldia eskatu zuen.

Iragarpena ez zaio batere gustatu A-8 autobidea doako izatea eskatzen duen Durangoko plataformari, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Orain arte plataformak 12.000 sinadura inguru jaso ditu. Herritarrak “baztertzen ez jarraitzea” eskatu du Juan Carlos Poderosok.

Jesus Isasi PPko batzarkideak foru araua ez errespetatzea salatu zuen; izan ere, autobideetako bidesarien prezioak % 2,5 egin du gora. Isasiren hitzetan, KPIk izan duen bilakaera ikusita, prezioak izoztu behar izan dituzte.

Pradalesek, ostera, igoerak foru araua errespetatzen duela defendatu zuen. Salneurriak 2015ean izoztu ondoren igo dituztela azaldu zuen. Are gehiago, 2011n prezioek tarte batzuetan “nabarmen” behera egin zutela esan zuen diputatuak.

2009tik KPIk % 9,8 gora egin duela, baina autobideetako prezioek % 2,87 soilik gora egin dutela adierazi zuen Pradalesek.

Ez dira amortizatu

Diputatuaren ahotan, azken urteetan ibilgailuen kopuruak behera egin du, eta horrek “aurrekontu publikoetan ondorio ekonomiko zuzenak” izan ditu, batez ere errepideak amortizatu ez direnean eta oraindik inbertsioak egiten ari direnean. Horregatik, “autobideen jasangarritasuna bermatzearen” aldeko apustua egin du Pradalesek.

Bizkaiko Aldundia aztertzen ari den tarifa sistema berria “modu zorrotz eta objektibo” batean egiten ari dela azpimarratu du diputatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Euskal Herrian Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak AP8 Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa Imanol Pradales