Ekonomia -

Balearia konpainiarentzako

Naval ontziolak ferry bat egingo du 175 milioi euroren truke

Datozen hilabeteetan argitu beharko dute, baina beste ontzi bat egiteko aukera jaso dute kontratuan. Mediterraneoan gas natural likidotuak bultzatuta ibiliko den lehen ferrya izango da.

La Naval ontziolak Baleariarentzako egingo duen ferryaren irudia. Irudia: La Naval
La Naval ontziolak Baleariarentzako egingo duen ferryaren irudia. Irudia: La Naval
La Naval ontziolak Baleariarentzako egingo duen ferryaren irudia. Irudia: La Naval

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.600 bidaiarirentzako ferry bat egingo du Sestaoko Naval ontziolak Balearia konpainiarentzat, 175 milioi euroren truke, Bizkaiko ontziolak gaur jakitera eman duenez.

Bi enpresek atzo sinatu zuten kontratua. Datozen hilabeteetan argitu beharko dute, baina beste ontzi bat eraikitzeko aukera ere jaso dute kontratuan. Aurreikuspenen arabera, lehen ontzia 2019an hasiko da Balear Uharteetako lineatan lanean.

Ontzi berria munduko ferry handienen artean egongo da; izan ere, 232,2 metroko luzera eta 30,4 metroko erruna izango du, eta Mediterraneoan gas natural likidotuak bultzatuta ibiliko den lehen ferrya izango da.

Ontziak 23 korapiloko abiadura harrapatu ahalko du, hiru motor dual izango baititu, eta motorrak gas natural edo erregai likidotuarekin erabiltzeko aukera izango du. Hori dela eta, partikula kutsakorren isuria % 40 baino gehiago murriztuko du.

Ontzi adimenduna

Ontzi adimenduna izango da, eta bezeroek telefono mugikorrarekin ferryan izan beharreko kokapenaren berri ezagutzeko aukera izango dute. Halaber, lokalizazio sistemak erabili eta gastronomia eta asialdirako eskaintzen berri izango dute. Nabigazio datuak, eguraldia edo erreserbak kontsultatzeko aukera ere izango dute bidaiariek.

Ontzia Cotenavalek diseinatu du, eta 1.600 bat bidaiari (horien % 70, gelatan, eta gainerakoak, besaulki ergonomikoetan) eta 350 ibilgailu eraman ahal izango ditu.

Zerbitzuen artean, bi jatetxe, lau taberna (bat kanpoaldean), umeentzako eremu bat, bi antzoki (bat barruan eta beste bat kanpoan), bi igerileku, jacuzziak, ile-apaindegia, gimnasioa, zinema-aretoa eta dendak izango ditu.

Balearia, Balear Uharteetako ontzi-enpresa nagusia, Gibraltarko itsasartean operadore handienetarikoa da, eta Kariben ere ematen du zerbitzua. 22 ontzi eta 1.000 langile inguru ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao argazkiak Azken ordukoa Bizkaia Ekonomia albisteak La Naval azken ordukoa Krisi energetikoa