Ekonomia -

ALTZAIRUGINTZA

Txinako altzairugintzaren kontrako hiru ikerketa zabaldu ditu Bruselak

Hiru altzairu-produktu ikertuko dituzte, Europako merkatuan 'dumping' eginez, hau da, Europan altzairu hori ekoizteko kostuaren azpitik, saldu duten ala ez argitzeko.

Europako merkatuan Txina 'dumping'aren bidez sartu den ala ez jakin du Europako Batzordeak. EiTB.
Europako merkatuan Txina 'dumping'aren bidez sartu den ala ez jakin du Europako Batzordeak. EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinak Europan saltzen dituen hiru altzairu-produkturen gaineko ikerketak zabaltzea agindu du Europako Batzordeak, Europako merkatuan 'dumping' eginez sartu diren ala ez argitzeko.

Europan altzairu hori ekoiztea kostatzen den prezioaren azpitik saltzen ari ote den Txina argitu nahi da, ikerketokin. Jokabide hori baieztatzen bada, Europak aurreratu du merkataritza desleial horren kontrako neurriak hartuko dituela.

Ikertuko diren produktuak Txinatik Europara inportatutako soldatu gabeko hodiak, xafla lodiak eta beroan ijeztutako altzairu-plantxak dira. Azken horien kasuan, badaezpadako prozedura zabaldu da, sektoreko hainbat enpresak salaketa jarri ondoren, 'kalteak eragiteko mehatxua' egon daitekeelakoan.

Bestalde, ostiral honetatik aurrera, Errusiatik eta Txinatik Europara inportatzen diren hotzean ijeztutako altzairu-plantxen gainean 'dumping'aren aurkako muga-zergak ezartzea erabaki du EBk. Txinako produktuen kasuan, muga-zergak % 13,8 eta % 16 artekoak izango dira, eta Errusiako produktuetan % 19,8 eta % 26,2 artekoak. Zerga horiek atzeraeraginkortasunez ezartzeko aukera du Bruselak, iazko abendutik aurrera.

Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioak esan duenez, "altzairugintzaren alorrak erronka ugari ditu Europako merkatuan". Horren hitzetan, Europako Batasuneko merkataritzaren babeserako neurriek ez dute balio zenbait arazori aurre egiteko, eta, horregatik, Europako Batzordea eskura dituen tresnak aztertzen ari da, "merkataritza desleialik egon ez dadin".

"Ezin dugu onartu merkataritza desleialak gure industriari mehatxu egitea inportazio merkeekin. Eskura ditugun tresna guztiak erabiltzeko prest nago, gure merkataritza-bazkideek araudia goitik behera bete dezaten", esan du agiri baten bidez.

Denera, altzairugintzaren gaineko 37 merkataritza-neurri ditu ezarrita Europak, eta bederatzi ikerketa ditu zabalik. Merkataritzaren defentsarako erremintak berritzeko borondatea agertu du Malmstromek, horiek "eraginkorragoak" izan daitezen. Estatu kideekin gaia aztertzeko konpromisoa hartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Txina Europa Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa