Ekonomia -

ELKARRIZKETA, RADIO EUSKADIN

Industriaz ez kezkatzea egotzi dio Tapiak Soria ministroari

Europako energiaren eta altzairuaren egoera aztertuko dute gaur Bruselan; Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko Industria ministroa ez da bertan izango, eta hori gogor kritikatu du Tapiak.

Arantza Tapia
Arantza Tapia
Arantza Tapia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak gogor kritikatu du Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko Industria ministroak Europan gaur egingo den bilerara ez joatea erabaki izana. Industriaz ez arduratzea egotzi dio Tapiak Soriari.

Europako energiaren eta altzairuaren egoera aztertuko dute gaur Bruselan, EBko Industria komisarioa bertan dela. Estatu kide ia guztietako Industria ordezkariak ere izango dira bertan, baina Soria ministroak duela egun batzuk iragarri zuen ez zela hitzordura joango. Espainiako Gobernuaren Estatu idazkaria joango da haren ordez.

Energiaren prezioa dela eta, "gurean industriak bizi duen egoera larriaren berri askotan eman diogu ministroari", esan du sailburuak. "2013ko irailean, gai honetaz hitz egiteko egin genuen aurrenetako bilera batean, neuk eman nion ministroari eskura txosten bat gure industriak energiaren prezioen eraginez bizi duen egoera zailaren berri emanez", azaldu du. Tapiaren esanetan, gaur Bruselan egingo den bileran, besteak beste, Frantziako, Italiako, Erresuma Batuko, Herbehereetako eta Alemaniako ordezkariak izango dira, eta industriak egun duen egoeragatik euren "kezka" agertuko dute. "Energiaren prezioa inon baino altuagoa da Espainian, eta bertako ministroa, berriz, ez da bileran izango",  salatu du salburuak. "Estatu idazkaria bilerara joatea oso ondo iruditzen zaigu, harreman bikaina dugu berarekin, baina Ministerioa erakusten ari den jarrera oso esanguratsua da", gaineratu du. Industriaz ez kezkatzea egotzi dio Tapiak Soria ministroariSestaoko ACBren egoera da, Tapiaren hitzetan, egungo egoeraren adibide garbia. "Altzairu enpresa modernoa eta punta-puntakoa" izan arren, egungo egoera zailak bultzatuta, behin-behinean geldirik dagoela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Espainia albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Industria sektorea