Ekonomia -

Altzairuaren sektorea

EBk neurriak hartuko ditu altzairu inportazioan 'dumping'a dagoenean

Metalaren sektorea protestak egiten ari da Bruselan Txinaren jarduera salatzeko eta EBri berehalako neurriak hartzea eskatzeko.

Sestaoko ACBko langileen manifestazioa Bruselan. Argazkia: Efe
Sestaoko ACBko langileen manifestazioa Bruselan.
Dunping-aren aurkako sindikatuen protesta jendetsua, Bruselan

1:05

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak esan du altzairuaren inportazioan leialtasuna urratzen denean, horren frogak daudenean, neurriak hartuko dituela horri aurre egiteko. EBk konpromiso hori hartu du Bruselan metalaren sektoreko milaka langile Txinako ekoizleen 'dumping'a salatzeko protestak egiten ari diren egunean bertan.

"Kexa bakoitza zehatz-mehatz aztertuko dugu. Batzordea 'antidumping' kasu berriak irekitzeko eta leialtasuna urratzen duten inportazio kasuen kontrako neurriak hartzeko prest dago", berretsi du Jyrki Katainen Europako Batzordeko presidenteorde eta Enplegu eta Lehiarako arduradunak industriaren inguruko konferentzia batean.

Katainenek gogorarazi du Bruselak dagoeneko 35 txosten baino gehiago ireki dituela legez kanpoko neurriak hartu edota laguntzak emateagatik, azkenak aurreko astean, Txinatik inportatutako hainbat produkturen aurrean.

EBko presidenteordeak azpimarratu du Bruselak eskura dituen tresna "guztiak" erabiliko dituela nazioartean lehia bermatzeko arauak urratzen dituztenei aurre egiteko .

Protestak

Bien bitartean, Altzairu Industriaren Europako Elkarteak (Eurofer) eta Aegis Europe Industria Aliantzak manifestazioa deitu dute Bruselan, Txinak legez kanpoko arauak erabiliz ekoizten duela salatzeko eta Europar Batasunari premiazko neurriak hartzea eskatzeko.

Geert Van Poelvoorde Euroferren presidenteak prentsaurreko batean salatu du Txinak "ekoizteko preziotik behera" esportatzen dituztela produktuak Europara, eta EBko araudia "berehala" berrikusteko eskatu du, Brusela neurriak hartzen "oso motela" izan dela kritikatu aurretik.

Van Poelvoordek adierazi du finantza krisia hasi zenetik sektoreak 85.000 enplegu galdu dituela, "7.000 azken sei hilabeteetan bakarrik".

Jaurlaritzak azkar erantzuteko eskatu du

Arantxa Tapia Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak neurriak "askoz ere azkarrago" hartzeko eskatu dio EBri, Txinaren 'dumping'ari aurre egiteko; eta Sestaoko Arcelor Mittalen lantegia aurki irekitzea espero duela adierazi du.

Tapiak Europako Batzordearen konferentzian parte hartu du, eta bertan egin ditu adierazpenok.

Sailburuak esan du "Europa zaharrari guztia sakonean aztertzea" gustatzen zaiola, baina oso motel erantzuten duela.

"AEBn 45 egunean hartzen dituzte behin behineko neurriak ('antidumping'), eta gero egiten dituzte frogak; Europan, berriz, 9-14 hilabete artean behar dituzte ezartzeko", adierazi du komunikabideen aurrean.

"Horrek gure industria hiltzen du zentzu askotan", azpimarratu du Tapiak, euskal industriak "bizirauteko", prozesua "azkartzearen" eta "neurri azkarragoen eta eraginkorragoen" alde egin aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europako herrialdei buruzko albisteak Gaurko azken ordukoa