Ekonomia -

Automobilgintza

Landabenen beste modelo bat egiteko proposamena egin du Volkswagenek

Asmoaren berri eman dio zuzendaritzak enpresa batzordeari. Polo modeloaren ondorengoa egiten dute jada Nafarroako lantegian.

Polo modeloaren ondorengoa egiten dute Landabenen. Argazkia: Euskadi Irratia
Polo modeloaren ondorengoa egiten dute Landabenen. Argazkia: Euskadi Irratia
Volkswagenek modelo berri bat egin nahi du Landabenen

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volkswagenen Partzuergoak Landabengo lantegian (Nafarroa) beste ibilgailu modelo bat egiteko proposamena egin du. Poloaren ondorengoa egiten dute egun Nafarroako lantegian, eta, beraz, beste honekin bi modelo izango lirateke.

Albistea UGT sindikatuak eman du, berak baitu enpresa batzordeko presidentetza. Goizean, bilera izan dute Iruñean enpresa batzordeko kideek eta konpainiaren zuzendaritzak, eta bertan jakinarazi diete asmoa.

"Nafarroako Volkswagenen bigarren modelo bat egitea bideragarria da gaur egun", azaldu du UGTk batzarraren ondotik. Sindikatu horren hitzetan, bigarren modelo horrek datozen 15 urteetarako lan-karga ziurtatuko luke, eta Nafarroako industria sendotzeko "erabakigarria" izango litzateke.

"Une historikoa"

UGTk azaldu duenez, Alemaniako zuzendaritzak hiru asteko epea eman die konpainiaren Nafarroako buruzagiekin akordio bat lortzeko. Hala, eta adostasunerako bidea errazteko asmoz, bihar bertan beste bilera bat egingo dute bi aldeek "informazioa sakonago aztertu eta proiektua aurrera ateratzeko bideak ezartzeko".

"Nafarroako Volkswagenen une historikoa dugu. Mahai gainean dugu bigarren modelo hori egiteko benetako aukera irmoa", azpimarratu dute UGTko bozeramaileek.

Ingurumaria honetan, Landabengo langileentzat esker oneko hitzak izan ditu sindikatuak. "Hau guztia ez litzateke posible izango langileen babesa izan gabe. Azken urteetan lortutako akordio eta sinatutako lan-hitzarmen horiek guztiak izan gabe, aukera hau ez litzateke mahai gainean egongo. Zailtasunei, elkarrizketarekin, negoziazioarekin eta akordioarekin egin diegu aurre", nabarmendu dute.

UGTren ustez, "oraingo honetan ere halaxe izango da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Multinazionalak albisteak Lana berriak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa Volkswagen albisteak Automobilgintza