Ekonomia -

250 kaleratze

Akordiorik gabe bukatu da TRWren eta langileen arteko bitartekaritza

Nafarroako Gobernuak aldeen arteko negoziazioa bukatu izana deitoratu du, eta langileei "erantzukizunez" jokatzeko eskatu die.

Hainbat manifestazio egin dituzte TRWko langileek kaleratzeak salatzeko. EFE
Hainbat manifestazio egin dituzte TRWko langileek kaleratzeak salatzeko. EFE
Hainbat manifestazio egin dituzte TRWko langileek kaleratzeak salatzeko. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akordiorik gabe amaitu da ZF-TRWko zuzendaritzaren eta langileen batzordearen artean Nafarroako Gobernuak egin duen bitartekaritza prozesua. Landabengo plantatik 250 langile kaleratzea aurreikusten duen erregulazio txostena aurkeztu zuen ZF-TRWk, eta Foru Gobernuak deituta, bi aldeak bildu egin ziren atzo, akordio bila.

Goizaldera arte bilduta egon direla, baina akordioa erdiestea ez dela posible izan jakinarazi du Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidenteordeak, komunikabideen aurrean, eguerdian, egin duen agerraldian. Horren arabera, zuzendaritzak bere azken proposamenari eutsi dio, eta hori izan da mahai gainean jarri duen eskaintza bakarra.

Aierdiren hitzetan, orain langileei dagokie erabaki bat hartzea. "Momentu zaila" izan arren, "erantzukizunez eta arduraz" jokatzeko eskatu die Foru Gobernuko ordezkariak beharginei. "Burua eta bihotza, biak ongi erabil ditzatela", esan du.

Bitartekaritza prozesuan bi aldeak ahalik eta gehien hurbiltzen ahalegindu dela Gobernua esan du Aierdik, baina ez dela akordiorako abagunerik sortu zehaztu du. Zuzendaritzaren "gehienezko eskaintza" langileak onartzeko prest zeuden "gutxiengoen" azpitik zegoela esan du.

Erabakia errespetatuko du Foru Gobernuak

Langileei  enpresaren azken eskaintza onartzeko esateko ausardiarik ez duela nabarmendu du Aierdik, tartean "pertsonak, familiak eta min handia" daudelako.

"Pertsonak eta familiak dira azken erabakiaren jabe, eta Foru Gobernuak erabaki hori errespetatuko du", esan du. Beharginen "alboan" egongo direla hitz eman du presidenteordeak.

TRWk Nafarroan duen egoitzaren etorkizuna "ahalik eta baldintza onenetan garatzea" nahiko luke Foru Gobernuak, eta, berriro ere, prest agertu da langileen eta zuzendaritzaren artean bitartekaritza lana egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Nafarroa gaur Lana albisteak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua albisteak Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan